Lehen lerroan, aldaketa soziala dagoela eta gobernuak hori lagundu egiten duela esan du Nafarroako lehendakariak eta bi gako eman ditu orain artean egindako lana ulertzeko: "egonkortasuna eta kudeaketa".
"Errealitateen urtea"
Lehenengo urtea UPNren gobernuek utzitako “zuloak estaltzen” pasa zuen Nafarroako Gobernua, Barkosen hitzetan, eta bigarren urtea, jada “errealitateak” sortzen. Errealitate horietako batzuk: bada, Nafarroan, gizarte segurantzan afiliatu gehiago daudela; iazko legaldiarekin alderatuta, ikerkuntzarako eta garapenarako laguntzak ia bikoiztu egin dituztela; %30ean handitu direla menpekotasunerako laguntzak eta pobreziaren kontrakoak bikoiztu dituztela; 10.000 lagun gutxiago daudela itxaron zerrendatan, 2015ean baino; eskoletarako aurrekontua %100ean hazi dela; derrigorrezkoak ez diren ikasketetarako eta unibertsitate ikasketarako bekek %20 egin dutela gora; euskararen egoera “normalizatu”dela; eta memoria historikoa duindu dutela.
Kohesio soziala, erronka
Analisia soilik ez, aurrera begira ere jarri da Nafarroako Gobernuko burua: 2018rako erronkak zeintzuk diren aztertu du. "Osasuna, hezkuntza eta menpekotasuna ardatz" dituen eta "kohesio soziala" xede duen aurrekontu diseinua eginen dutela ziurtatu du.
Trena, desadostasunen iturri
Abiadurako Trenari buruz esan du, euskal Yarekin batzea dela asmoa, Europara lotura izateko, Europako errai zabalerarekin eta bidaiariak eta merkantziak garraiatuta. Agerikoa da gobernua sostengatzen duten gainontzeko taldeek ez dutela bat egiten Geroa Bairen jarrerarekin, eta, horri buruz galdetuta, "akordio programatikoan adostutakoa" betetzen ari direla azpimarratu du Barkosek, bai eta gobernua sostengatzen duten taldeekin adostasuna lortzea ezinbestekoa dela ere.
Apokalipsirik ez
Gauzak horrela, bi urteko legealdiaren irakurketa baikorra egin du presidenteak. Herritarrek gobernua sostengatzen dutela uste du, eskuinak egindako irakurketa apokaliptikoez gaindi.