2017-2018 ikasturketako hiru plan azpimarratu ditu: Lanbide Heziketako Plana, Aniztasunaren Trataerarako Plana eta Hezkidetza eta berdintasun Plan Estrategikoa.
Azken bi urteetan egindakoaren balorazio egin du Hezkuntza Departamentuak, eta hainbat gai landu ditu Maria Solana kontseilariak; esaterako, azpimarratu du obretarako aurrekontua hirukoiztu dutela azken bi urteetan, beka eta behar gehien dituzten familiei bideratutako laguntzak eta aniztasun linguistikoa sustatu dituztela eta Nafarroako berariazko bi hizkuntzetan hezteko eskubidea aitortu dutela. Hain justu euskara lurralde osora zabaltzea izan da legealdi honetako “mugarrietako bat”, kontseilariaren hitzetan: herritarren "aspaldiko aldarri bati" erantzun diotela ziurtatu du.
Inbertsioak gora
Eraikin beriak egiteko 17 euro bideratu dituzte aurten; 2012an, 5,9 milioi euro baino ez ziren izan.Eta Informazio eta Komunikazio teknologiei dagokienez, ordenagailu berriak jarri dituzte hainbat zentrotan eta aldi baterako irakasleak hartzeko sistema telematikoa martxan da.
Beken arloan, aurtengo ikasturtean 4.300.000 euro bideratu dituzte, 2014-2015 ikasturtean baino 1.000 milioi gehiago, adibidez. Bestalde, unibertsitatean ikerketak egiteko aurrekontuak ere gora egin du: 56,8 milioi eurokoa da orain.
Aurrera begirako erronkak
Gauzak horrela Hezkuntza Departamentuak egindako lanaren analisi positiboa egin du Maria Solana kontseilariak. Eta, horrez gainera, aurrera begira jarri da. Adierazi duenez, heldu den urtea "akordioen ikasturtea" izanen da: izan ere, lan hitzarmena berritu nahi du Hezkuntzak, sindikatuekin hitz eginda; itunpeko irakaskuntzaren hobekuntzarako akordio sinatzeko asmotan da, bai eta NUPen finantziazio egonkortze bidean ere.
Lan Eskaintza Publikoa DBHn eta Lanbide Heziketan
Urtero lan eskaintza publikoa deitzeko konpromisoa hartu zuen gobernuak eta datorren urteari begira bi iragarri ditu Hezkuntza Departamentuak: batetik, ikuskatzaileena; eta bestetik, Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketakoa.