Uztailaren 14an abiatu zen karabana Euskal Herritik, Melillaraino eta 22an bueltatu zen. Atzo, bizitakoaren analisia eta balorazioa egin zuten.
Europar Batasunaren eta Espainiako Estatuaren migrazio politikak salatu dituzte: "Europak eta Espainiako estatuak ezarritako merkatu, ekonomia, merkataritza eta migrazio neurriak" kritikatu dituzte, izan ere, "politika horiek zapalkuntzan eta giza eskubideen urraketan oinarritzen dira", karabanako ordezkarien aburuz, eta bakarrik "pobrezia, etsipena eta mila pertsonen heriotza" sorrarazten dituzte.
Emakumeak, erdigunean
Besteak beste emakumeak izan dira karabanaren protagonistetako batzuk, heteropatriarkatuaren aurpegi lazgarriena pairatzen duten subjektuetako batzuk. Batetik, euren egiturazko zapalkuntza ikusarazi nahi izan dute karabanako kideek; bestetik, egindako lana goraipatu dute.
Mugak desager daitezen
Aldarrikapen zehatzak egin dituzte: Aljeziras eta Tarifako migratzaileen atxikitze zentroak "berehala ixteko"; Almeriako negutegien "lan zapalkuntza" salatu dute; Melillako "hesi hiltzailea" eraisteko galdegin eta askatasunez zirkulatzeko eskubidea errespetatzeko exijitu dute.
Tokian tokiko dinamiketan parte hartzeko deia
Hemendik aurrera dei egin diete herritarrei errefuxiatu eta migratzaileei harrera egiteko tokian tokiko dinamiketan parte har dezaten, eta iragarri dute aurrerago beste karabana bat ateratzeko asmotan direla.