Osasunbideko itxaron zerrendek behera egin dute: ia 10.000 pertsona gutxiago daude medikuek noiz artatuko zain, eta hori da, hein handi batean, lehen kontsulta gehiago egin direlako: hain justu, 2014ko datuekin alderatuz, 21.300 kontsulta gehiago izan dira aurten. Ez dira datu positibo bakarrak: kirugia itxaron zerrenda laburrena dauka Nafarroak 2010etik, 7.420 lagun gutxiago baitaude esperoan eta, batez beste, 15 egunean murriztu da itxaron beharreko denbora.
Horixek dira Fernando Dominguez Osasun kontseilariak gaur goizean nabarmendutako datuetako batzuk: legaldiko balorazioa egin du, eta positiboa izan da oso. Izan ere, azken bi urteetan lortutako hainbat aurrerapauso izan ditu gogoan: 528 plazako lan eskaintza publikoa; Nafarroako Ospitale Publikoko sukaldearen birpublifikazioa, botiken ordainketa partekatua….
UPNren garaiko murrizketei buelta eman nahian egin du lan gehien Osasun Departamentuak, "oinarrizko azpiegitura arazoak" aurkitu zituen-eta gobernu berriak kargura iritsi zenean. Hala, martxan zeuden programak diruz ornitzeaz gain, Plan Estrategikoa garatu zuen Osasun Departamentuak, "osasun ezberdintasunak gutxitu eta sistema iraunkorra lortzeko".
Era berean, osasun arreta "unibertsalizatu" dela, haurdunaldia eteteko eskubidea "bermaturik" dagoela eta azpiegituretan "inbertsio handiak" egin dituztela ere azpimarratu dute Osasun saileko ordezkariak. Aurten, Osasun Departamentura bideraturiko 1.047 milioi euro izan dira.
Programa zenbait
Gauzatutako programa zenbaiten berri ere eman dute: hala nola, haurrentzako txerto gehiago ezarri, alkoholaren kontsumoaren inguruko programak garatu, kolon minbiziaren prebentziorako neurri gehiago jarri, erretzen laguntzeko botiken finantziazioan lagundu eta lan instripuak gutxitzeko kanpainak sustatu dituzte.
Aurrera begirako erronkak
Itxaron zerrendak are gehiago murriztea; Lehen Arretarako Estrategia onartzea eta martxan jartzea; osasun garraiorako sistema berria txertatzea; prebentzioa lehenenstea; paziente kronikoka artatzeko estrategia zabaltzea; Lan Eskaintza Publiko gehiago egitea; teknologia eta digitalizazioa hauspotzea eta, azkenik, Nafarroako Osasun Lege Berria egitea. Horra aurrera begirako erronkak.