Ana Herrera: "Kultura sorkuntza eta gizarte kohesioa ere bada"

Euskalerria Irratia 2017ko uzt. 20a, 14:28

Ana Herrera kontseilaria departamentuko zuzendaritza taldeko kideekin.

Kultur politika berri bat sustatzeko oinarriak finkatu direla nabarmendu du Ana Herrera kontseilariak. Uste du, arlo kulturalari beste modu batean begiratzen ari zaiola, "kultura kontserbatzetik eta gordetzetik, sustatzera eta sortzera" pasa delako. 

Kultur politika berri bat sustatzeko oinarriak finkatu direla nabarmendu du hasteko Herrera kontseilariak. Uste du, arlo kulturalari beste modu batean begiratzen ari zaiola, kultura kontserbatzetik eta gordetzetik, sustatzera eta sortzera pasa delako, besteak beste.

Eta eredu aldaketa hori ez du Gobernuak bere bakardadean egin, baizik, inoiz baino gehiago eragile eta entitate kulturalekin elkarlanean aritu dira eta horri gehitu behar zaion bestea da, aurrekontuetan ere igoera nabarmena izan duela kultura sailak: Kultura Departamentuak %30eko hazkundea izan du aurrekontuetan bi urteotan.

Oreka bat bilatu behar dela ere uste du. Kultura lokala sustatu eta mantenduz, baina baita kanpora begira jarrita eta nazioartean dagoen aberastasun hori ere Nafarroara ekarrita. Horretarako Europa mailan sei proiektu dituzte abian. Eta lokalari begiratuta, sortzaile berriei eta kultur eragileei aukerak zabaltzen ari zaizkie.

Kultura modu transbertsalean ulertu behar dela dio Herrerak, alegia, ez arteari mugatuta, baizik gizarte kohesionatuago bat sortzeko eta jakintzan murgilduko den gizarte bat sortzeko.

Kohesio soziala lortzeko baliagarria izan behar da kultura. Eta lan hori egiten ari direla uste du departamentuak. 

Industria sortzaileen aldeko apustua ere egiten ari direla diote. Azaroan esaterako, Nafarroako artistak kalera aterako dira 948 merkatua izeneko ekimenaren bitartez. Azoka izanen da eta sortzaileek euren sorkuntzak erakusteko baliatu ahal izanen dute.

Baluarte Fundazioaren zuzendaritza berria, Huarteko Arte Garaikidearen Zentruaren zuzendaritza berria, kultur jaialdiak eta Nafarroako Orkesta Sinfoniaren bide berria ere aipatu ditu Herrerak. Eta aldaketa horietan guztietan izan den gardentasuna eta informazioa ere azpimarratu ditu kontseilariak.

Ondare kulturalak zaintzera ere jo da eta horretarako aportazio ekonomikoa hazi egin da. Etorkizunerako erronkak ere badituzte eskuartean.

Kirolari bultzada berri bat

Kulturatik haratago, kirola eta gaztearia arloan ere aldaketa nabarmenak izan dira Herreraren esanetan. Navarra Arena pabiloiari adibidez irtenbide emanen diotela azpimarratu du, ekimen kultural eta kirol alorrekoak izanen dira 2018ko udazkenetik aurrera. Gzteriaren Bigarren Plana ere aurrera ari da egiten eta aportazio ugari jaso ditu parte hartzeari esker. Kirol arloan, aniztasunari ematen ari zaio erantzuna eta entitateei babesa ere bai. Eta aldaketa nabarmenetakoa kirol arloan, hemendik aurrera iritsiko da: azpiegiturak sortzetik, kirola garatzeko agente izatera pasako delako Nafarroako Kirol Institutua. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!