Abiadura Handiko Trena izan du hizpide lehenbizi EH Bilduk gaurkotasunera begirako agerraldian. "Nafarroak ez du behar Madrilek mahai gainean proposatutakoa eta Manu Aierdik onartutakoa. Tren eredu hori ez da komenigarria, eta ez bakarrik ekonomikoki, baizik eta sozialki eta ingurumenean sortzen ahal dituen kalteei begira ere, ez da onuragarria izanen", esan du Bakartxo Ruiz parlamentariak.
Beste aukerarik ez dagoela sinestarazi nahi duten arren, Ruizek uste du alternatibarik badela, beste eredu bat oinarrian izanen duen trenbide sarea osatzeko. Madrilek dionari eta elite politiko eta ekonomikoek agintzen dutenari men egin ordez, herritarrei eta erkidegoak dituen beharrei begiratu beharko litzaiekeela uste du EH Bilduk.
Irregulartasunak badira Ultzamako plantan
Ultzamako biometanizazio planta. Fiskaltzak delitu penalik ez du ikusi eta artxibatu egin du auzia. Eta UPNk poz handiz hartu du erabaki hori. Eta orain eskaera, parlamentura, itxi dezaten edo egin ez dezaten ikerketarik. Baina, euren ustelkeria estaltzea baino ez dira ari bilatzen.
Fiskaltzak eta Kontuen Ganberak argi utzi zuten irregulartasunak izan bazirela biogas planta hartan. Besteak beste, ekimen berberarengatik bi diru-laguntza jaso zituztelako. Eta nahiz eta erantzunkizun penalik ez egon, ardura politikoak egon daitezkeela uste du Ruizek.
Espainiaren mutur sartzea
Espainiako Kontuen Auzitegiaren eskaera Nafarroari datu ekonomiko eta finantziarioak helarazteko "intromisioa" dela uste du EH Bilduk. Nafarroako kontuak ikuskatzeko eskumena Kontuen Ganberarena dela argi utzi dute bai Gobernuak eta baita beste eragileek ere. Bada, bihar, ez-ohiko mahai eta eledunen batzarra bilduko da parlamentuan gaia landu eta argi uzteko, autogobernuari esker duela eskumen hori Nafarroako kontuen ganberak. Horixe uste du baita EH Bilduk ere eta inoiz baino gehiago autogobernuaren babesa egin behar dela Nafarroan.