Geroa Baik ontzat jo du Espainiako Kontuen Auzitegiaren erabakia, eta nabarmendu du horrek frogatzen duela Barkosen aurkako salaketak "gezurrezkoak" zirela.
Gaur agerraldian egin dute kritika. Bereziki haserre UPNren jarrerarekin agertu dira Koldo Martinez eta Unai Hualde. Esan dute, bazekitela dieta horiek egoki jaso zituela Barkosek eta ez zegoela inongo deliturik, baina, hori jakinda ere Justitia et Veritas elkartearen jarrera babestu dutela:
Legearen arabera jokatu du Barkosek eta zalantzan jartzen den bakarra da UPNk ezarri eta mantendu zuen dieta sistema bera.
Iruñeko zinegotzi eta Espainiako Kongresuko diputatu izanik, Madrilen zela Iruñean egindako bilerengatik 208.000 euro kobratu izana leporatzen dio Barkosi Justitia et Veritas elkarteak. Barkosek eta Geroa Baik gezurtatu egin dute hasieratik halakorik, eta auzitegiek arrazoi eman diete. Izan ere, Espainiako Kontuen Auzitegiak frogatutzat jo du bilera horiek egin zirela, eta egungo gobernuburua bertan izan zela.
Salaketaren arabera, Barkosek 69.435 euro ordaindu behar zituen 2007 eta 2012 artean "egin ez ziren bilerengatik" jasotako diruaren truke. Ordea, justiziak iritzi dio, Nafarroako egungo presidenteak aurkeztutako dokumentuek frogatzen dutela dietak "behar bezala" ordaindu zirela, eta, beraz, atzera bota dute salaketa.
Geroa Baik pozik hartu du erabakia, eta nabarmendu du epaiak argitara atera duela eurak hasieratik defendatu dutena, alegia, Barkosek justifikatu zituela dieta horiek; posible dela egun berean Madrilen bilera izatea eta gero Iruñean; posible dela beraz iruñeko zinegotzi izatea eta aldi berean diputatu. Eta horrez gainera kritikatu dute Martinezek eta Hualdek Justitia et Veritas elkarteak egutegi faltsu bat aurkeztu zuela, bilera eta hitzorduak ez zeudelako egiaztatuta. Ez da deliturik izan eta hori argi geratu dela uste du Martinezek.
Kasu honetan, Kontuen Auzitegiak esan du Barkosek bete egin zuela Iruñeko Udalean jasotzen den dieta sistema; baina gogoratu behar dugu erabaki bera hartu zutela aurretik ere Auzitegi Gorenak, Goreneko Bigarren Aretoak eta Nafarroako Fiskaltzak.
Akusazio faltsu bat bost minutuan zabaldu zuten eta asko kostatu da auzitegiek arrazoi ematea, baina, azkenean lortu da justizia egitea.