Euskara sustatzeko hitzarmena sinatu dute Nafarroak, Euskal Autonomia Erkidegoak eta Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoak
Bost punturen bueltan
Bost esparru barnebiltzea du xede. Lehenik eta, euskarazko hezkuntza sustatuko du eta, horretarako, erraztasunak emanen ditu irakaskuntzari dagokionez: irakasleak lurralde batetik bestera mugitzeko, adibidez. Hala, ipar Euskal Herrian euskarazko eskolak emateko irakasle faltari erantzunen diote, hego Euskal Herriko irakasle zenbait Bordelera joanen baitira, frantsesa ikastera. Egitasmo horren bueltan ere, iparraldeko hogei irakasle hegoaldera joanen dira, euskara ikasteko. Ez hori bakarrik: helduen euskalduntzea bultzatuko dute eta titulazioen baliokidetasunaren inguruan lan egin.
Bigarrenik, Euskararen sustapena bultzatzeko tresna izanen da hiru lurraldeen arteko hitzarmena.
Hirugarrenik, euskararen inguruko hausnarketa ahalbidetuko du, "gogoeta eremuak" sustatuta.
Laugarren puntua: ikerketa. Azterketa soziolinguistikoen emaitzak bateratuko dituzte hiru erakundeek eta bestelako "ikerketa bide batzuk" martxan jarri, euskararen egoera zein den jakiteko.
Hitzarmaren bosgarren eta azken puntuak finantziazio jarri du erdigunean: Europako POCTEFA programa berriak aipatu dituzte.
Bateratze aldera
Akordioa Akitania-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearen lankidetzari erantzun diola esan du Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Harremanetako kontseilariak, "bikoizketak eta behar ez diren gastuak" ekidinez eta "ahalik eta eraginkortasun handiena" lortuz.
Hitzarmenak "hizkuntzaren etorkizuna bermatzeko" balio duela eta indarrean dauden "akordio zehatzak ikuskatzeko" erabilgarria izanen dela adierazi du Eusko Jaurlaritzako kultura eta Hizkuntza sailburu Bingen Zupiriak.
Euskararen Erakunde Publikoko ordezkari Mathieu Bergeren irudiko, "euskararen transmisioa eta erabilera" babestuko ditu planak.
Hitzarmenak ez du berariazko aurrekonturik eta erakunde bakoitzaren aurrrekontuei esker garatuko dute.