Uxue Barkos: "Madrilek aurkeztutako AHTrako proposamenak Nafarroa atzerabidean jartzen du"

Euskalerria Irratia 2017ko eka. 28a, 08:02

>Akordio programatikoan jasotakoaren bidetik jotzeko asmoa du Nafarroako Gobernuak AHT azpiegitura adosterakoan. 
>Hitzarmen "egokia, Nafarroak dituen beharrei erantzunen diena eta finantziazio formula argiago" batekin lortu nahi du Barkosek. 
>UPNk ez du deus egin azken 25 urteotan AHTarekin: zaharkitua dagoen trenbide sarea dago, Europako estandarrak ez ditu betetzen eta ez du edukiera nahikorik. 

Nafarroako Parlamentuan agerraldia egin du Uxue Barkos lehendakariak Abiadura Handiko Trenaren inguruan azalpenak emateko. UPNk eta PPNk eskatuta egin du agerraldia legebiltzarrean. 

"Prestazio Handiko Trena Nafarroarentzat proiektu ezinbestekoa da Nafarroarentzat eta gizartearentzat", nabarmendu du Barkosek eta gaineratu, ez dagoela inolako ziurgabetasun edo zalantzarik. Espainiarekin hitzarmen "on" bat lortzea da asmoa orain, korridore guztia kontuan hartuko duena eta finantziazio argiagoa izanen duena, kontuan hartuz Nafarroarentzat arriskurik ez duela izanen. "Akordio programatikoan jasotakoaren bidetik joko du Nafarroako Gobernuak", azpimarratu du Barkosek eta gaineratu du, epe luzera irtenbidea emanen dion trenbide sarea sortzea dela erronka, Nazioarteko estandarrak kontuan hartuko dituena eta salgaiak zein pertsonak garraiatzeko baliagarria izanen dena. 

"UPNk Espainiarekin egindako akordioa zaharkitua geratu da eta Nafarroarentzat desabantailak biltzen ditu", esan du Barkosek. 2010eko hitzarmena ez da egokia "errealitatetik urrun" gelditzen den proposamena dela uste du. "Alderdi erregionalistaren 40 urteko aginteak Nafarroa egoera larrian utzi du azpiegitura eta komunikazio arloan", kritikatu du.

Inongo presarik gabe, negoziazioa

Nafarroako Gobernua aztertzen ari da Madrilek mahai gainean jarri dion hitzarmenerako proposamena eta "analisi eta ikerketa lan zorrotza eta presarik gabea" egiten ari da. Hori bai, Madrilek aurkeztutakoa ez dator bat Nafarroak nahi eta behar duenarekiin Barkosen arabera. "Nafarroako Gobernuaren lana da hitzarmen egokia sortzea, Parlamentuaren babesa izanen duena", esan du.

Zalantzak alderdien artean

UPN eta PPN azaldu dira kritikoen Barkosen hitzekin. Uste dute Espainiako Gobernuak aurkeztutakoari izkin egin nahian dabiltzala eta denbora galdu nahi dutela proiektua ez egiteko. PPNko Ana Beltranen ustez Madrilek aurkeztutakoa "anbizio handikoa" da eta Espainiak aterako du Nafarroa "ziurganbetasunetik". 

Gobernua babesten duten alderdien artean EH Bildurentzat beharrezkoa da eztabaida sozial eta politikoa sortzea gaiaren inguruan erabakiak hartu aurretik. Podemosek bide horretik jo du eta gaineratu du "aldaketa doluan izanen dela azpiegitura megalomanoak egitearen alde agertzen badira". 

Alderdi sozialistak babesa eman dio Nafarroako Gobernuari hitzarmen egokiago bat negoziatzeko. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!