Herritarren artean, lautik hiru, eremu mistoan edo euskaldunean bizi da atzotik. Vascuencearen Legea zena Euskararen Lege bilakatu dute eta zenbait modifikazio egitea ere lortu dute. Gobernua babesten duten lau alderdien botoei esker "aurrera pausoa eman da hizkuntz eskubideen alde". Legearen izena da aldatu den gauzetako bat. Bestea, Nafarroa eremuka bereizten duen hizkuntzaren araberako mugan aldaketak txertatzea: 44 herrik utzi dute eremu ez-euskalduna mistora pasatzeko eta udalerri bat izan da, Atez, eremu mistotik euskaldunera pasa da. Hala, 40.000 bizilagunek izanen dituzte hizkuntz eskubide gehiago.
44 herrik euskara eskuragarriago
44 herri pasa dira eremu ez-euskaldunetik eremu mistora, eta bat izanen da eremu mistotik euskaldunera pasa dena, Atez. Hori ahalbidetzeko gaur atera du aurrera Parlamentuak Vascuencearen Legearen aldaketa. Foru Legearen izenean ere aldaketa izanen da gaurtik aurrera: Vascuencearen Lege izatetik Euskararen Lege izatera pasa baita.
Eremu mistoa zabaldu egin da gaur. 44 herri gehiagok osatuko dute: Zangoza, Tafalla, Uxue, Tirapu, Bargota, Dicastillo, Alli eta Villatuerta, adibidez.
Eremu ez-euskaldunean dauden herrien %28,6 dira eskaera egin dutenak eta eremu mistoan sartu direnak gaur. Guztira 38.841 bizilagunek osatzen dute eskaera egin duten herrietan bizi direnak.
Nola geratzen da beraz hizkuntzaren araberako banaketa Nafarroan?
- 64 herrik osatuko dute gaurtik aurrera eremu euskalduna. Atez udalerria sartu da gaur eremu horretan.
- 98 izanen dira eremu mistoan, 44 gehiago gaurtik.
- 110 izanen dira eremu ez-euskaldunean. Eta hala, udalerri gutxien izanen ditu gaurtik aurrera hizkuntza eskubide gutxien aitortzen duen eremuak.
Gogoratuko dugu, Zizurko Zendeak eremu mistotik eremu ez-euskaldunera pasatzea ere eskatu zuela, hala onartu zuela osoko bilkuran, UPNk du aginte makila Zizurko Zendean. Dena den, Parlamentuak ez du halakorik onartu, horrek hizkuntza eskubideetan galerak ekarriko dizkielako herritarrei.
Gobernua babesten duten lau alderdien aldeko botoek ahalbidetu dute Euskararen Legean aldaketa. UPN, PSN eta PPk kontra egin dute. Inposizioa, errealitatetik urrun gelditzea eta sektarismoa leporatu diete lau taldeei.
Geroa Baiko Unai Hualdek hartu du hitza aldaketaren alde lehenbizi. Lehenbizi nabarmendu duena, denbora gehiegi pasatu dela euskara diskriminatua eta mugatua. Eta gaurkoan, aurrera pausoa ematea lortu dela. Gogoan izan du 2010etik eskatzen ari direla udal zenbait eremu ez-euskalduna utzi eta mistora pasatzea. "12 izan ziren lehenbizi, eta gaur 44 izan dira. Eta ez inpopsizioaren bidetik, baizik, askatasunez hartutako erabakiari bide emanez".
"Pauso bat normalizaziorantz da gaur ematen dena eta batzuek ezin dute jasan, ez dela baizik, hizkuntza bati dagokion duintasuna ematea, prestigioa eta herritarrei hizkuntz eskubideak ziurtatzea", esan du Hualdek. Zizurko Zendeaz ere aritu da Hualde. Azken unean UPNren jokaldia izan zen, eta horren erakusle, Zizurko Zendea osatzen duten kontzejuen artetik zazpik eskatu ziotela Parlamentuari ez zezala utzi halakorike egiten. Politika egiteko modu berri bat da gaurko pausoa. Hesiak zabaltzen hasteko urratsa da. Aniztasuna kontuan hartu eta guztiei eskubide berberak ematea da.
Ofizialtasuna aldarrikatu dute EH Bilduk eta Podemosek
30 urte Euskararen Legea onartu zenetik. Aldaketa gutxi izan dira ordutik. Oraingoan ere, zati batean aldatuko da, izan du gogoan EH Bilduko David Anautek. Baina euskara benetan babestua izan dadin eta prestigioa emateko, ofizialtasuna eskatu du EH Bilduk.
Errotik aldatu behar da Legea, esan du Podemos-Ahal Duguko Laura Perezek. Zonifikazioa gainditu. Sakoneko arazoari ez zaio irtenbide osoa ematen gaur.
Proposamen honek eskubideak zabalduko dizkie herritarrei. Izquierda-Ezkerrarentzat Lege koherentea da baina ofizialtasunari bide ematea ere ontzat jo du, hein batean.
Legea aldatzearen kontra UPN, PSN eta PP
Sektario jokatzea leporatu die UPNko Carlos Garcia Adanerok, eta ez behin edo bitan, hogeitalau aldiz errepikatu du sektario hitza. Udalerri batzuetako gehiengoak onartzen duena gustatzen bazaizue, onartzen duzue, baina, Zizurko Zendeako gehiengoak erabakitakoa ez zaizuenez gustatu, Zizurko Zendearen erabakia ez duzue kontuan hartuko, leporatu die.
Fundamentorik gabe egindako aldaketa dela ez du bat egin alderdi sozialistak. Uste du, nahi politikoak kontuan hartuta bakarrik egin duela aurrera eta hori inposizioa da. Gaineratu du, ez dagoela ikerketa soziolinguistikorik aldaketa hori justifikatzeko. Errealitateari bizkar emanda ari dira, hirutik lau herritar eremu misto edo euskaldunean izanen dira orain. Eta hori ez da erreala, desio eta sentimentuei erantzunen dien errealitatea baizik.
Inposizioa, euskara nola edo hala eremu guztira zabaltzea eta finean, euskal eremu bat sortzea da helburua.
Euskalgintza "neurrizko pozarekin"
Euskararen Legean adalketa sartuta, herritar gehiagok izanen dute hizkuntz eskubide gehiago. Hori bai, Kontseiluaren ustez gaurkoa aurrera pausoa bada ere, ez da nahikoa. "Herritarrak eremu batean edo bestean, Erriberan edo Nafarroako iparraldean bizi hizkuntz eskubide berberak ez izatea XXI. mendean onartezina da", nabarmendu du Paul Bilbaok.