Sare sozialei, drogei eta genero indarkeriari buruzko Udaltzaingoaren hitzaldietan, 11.516 ikasle

Euskalerria Irratia 2017ko eka. 15a, 13:22

Online joko eta apustuekiko mendekotasuna, horra ikasturte honetako eskaera berria, zeinean arreta berezia jarriko baita datorren ikasturtean.

Iruñeko Udaltzaingoak 399 prebentzio-hitzaldi eman dizkie 11.516 ikasleri –Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzakoak gehienak–, eta horietan hizpide izan dituzte Internet eta sare sozialen arriskuak, jazarpena eta ziber-jazarpena, genero-indarkeria teknologia berrien bitartez nerabeen artean, eta drogak eta alkohola. Gai horien inguruan, hain zuzen ere, interes handia agertzen dute hezkuntza-erkidegoek eta familiek. Aurten kezka berri gisara azaldu da online joko eta apustuekiko mendekotasuna izateko gazteek duten arriskua, hala azaldu dute prentsaurrekoan Aritz Romeo Herritarren Segurtasuneko eta Elkarbizitzako Alorreko zinegotzi ordezkariak eta Xabier Ibánez Alor horretako zuzendariak. Halako eskaeraren aurrean, Udaltzaingoaren Elkarbizitzaren aldeko Hezkuntzako Taldeak arreta berezia emango dio gai horri 2017-2018ko ikasturtean, eta jarduera-katalogoan txertatuko du, hala berariazko gai gisara nola beste prebentzio-jarduera batzuen osagarri. Horrez gain, jazarpena eta ziber-jazarpena –bullying eta ciberbullying ingelesez– dira gehien eskatzen diren gaiak, eta kezka handiena sortzen dutenak. Oraindik ere asko eskatzen da drogak, alkohola eta horien mota guztietako ondorioen inguruko prestakuntza, goiko hezkuntza-zikloetan batez ere.

Gizabidezko Hezkuntzako Taldea –Elkarbizitzaren aldeko Hezkuntzako Taldearen barrukoa– Udaltzaingoaren zerbitzu bat da, zeinak prebentzio-saioak ematen baititu Lehen Hezkuntza, DBH, Batxillergo eta Lanbide Heziketako ikastetxeetan,ikasle-irakasleei zein senideei zuzenduak. Halaber, arta ematen die enplegu- eta laguntza-zentro berezien, adineko pertsonen elkarteen eta Iruñeko eta Iruñerriko kirol-kluben eskaerei. Saioetan parte hartu zuten 11.516 ikasletik 9.347 iruindarrak ziren, eta 2.169, inguruko herrietakoak.

Arriskuak sare sozialetan eta Interneten: gehien eskatzen den gaia

Aipatu 11.516 ikasle horietatik asko hitzaldi bat baino gehiagora bertaratu dira; hortaz, parte-hartzeek 26.556 jotzen dute, guztira. Gainera, hitzaldi bakoitzean gai bat baino gehiago jorratu zenez, guztira 945 gai landu dira, 399 jardueratan. Gehien eskatzen den gaia da Arriskuak sare sozialetan eta Interneten –342 alditan landu da, eta 9.417 parte-hartzaile izan ditu–; bigarren postuan dago Jazarpena eta ziber-jazarpena eskolan –303 jarduketa, 8.365 parte-hartzaile–. Genero-indarkeria teknologia berrien bitartez nerabeen artean gaiak dauka landutakoen artean hirugarren tokia –58 hitzaldi, 2.084 partaide–. Beste kontu batzuk ere izan dituzte hizpide: Droga eta alkoholaren kontsumoaren prebentzioa, Etxabeak eta gizalegezko jokaerei buruzko ordenantza, Pertsonen identifikazioa, Gazte-Bandak, eta Iruzurrak, maulak eta lapurretak. Halako hitzaldiak adineko pertsonen taldeek eskatu dituzte batez ere.

Horiek horrela, prestakuntza-taldeak 50etik gora ikastetxetan jardun du: publikoetan (6.064 ikasle) eta itundu edo pribatuetan (5.452 ikasle). 399 jardueretatik 368 gaztelaniaz izan ziren, eta 31, euskaraz. Hezkuntza-zikloei erreparatuta, 6.128 ikasle Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan ari ziren, 2.791 Lehen Hezkuntzan, 808 Batxillergoan eta 687 Lanbide Heziketan. Horiei gehitu behar zaizkie, beste kolektibo batzuen artean, 730 guraso, 70 irakasle, adineko 125 pertsona eta desgaitasunen bat duten 117 pertsona.

Online jokoen mendekotasuna goraka gazteen artean

Datorren ikasturtean, Elkarbizitzaren aldeko Hezkuntza Taldeak arreta berezia emango dio online joko eta apustuen arriskuak gazteen artean gaiari. Joan den ikasturtean online jokoekiko mendekotasunak gazteen artean gora egin duela ikusita, ikasturteko jarduera-katalogoan sartuko da gaia, eta hura jorratzea eskatu ahal izango da, hala berariazko gai gisara nola beste prebentzio-jarduera batzuen osagarri gisara. Telefono adimendunen erabilerak suspertu egin du halako mendekotasunen gorakada.

Online jokoei buruzko prebentzio-hitzaldien proposamena bereziki zuzenduko zaie DBHko bigarren fasean, Batxillergoan eta Lanbide Heziketan eskolaturiko gazteei, eta parte-hartzaileei oinarrizko informazioa emanen zaie zorizko jokoen inguruan, horiekin loturiko kontzeptuak argitze aldera. Horrez gain, gogoeta egiteko estrategiak landuko dira, xede hartuta portaera osasungarriak bultzatzea eta arrisku-portaerak aldatzea.

Izan ere, sare sozialetan eta Interneten honako hauek dira adingabeendako ohiko arriskuak eta kasuak: gehiegizko erabilera edo goraka doan mendekotasuna, jazarpena eta ziber-jazarpena eskolan, pribatutasunaren aurkako mehatxuak, helburu sexualak lortzeko beste identitate bat erabiltzen duten helduekin harremanetan jartzearen arriskua –grooming– eta eduki sexualeko irudiak bidali ondoren estorsioa edo xantaia pairatzea, hala irudi berriak nola dirua lortzeko –sexting–.

Arriskua gutxietsi egin da, eta kontsumoak, normalizatu

Gizabidezko Hezkuntzako Taldearen esperientziak aditzera ematen du arriskuak nolabait gutxiesten direla eta normalizatu egin dela kontsumoa, bai teknologia berriena bai marihuana, alkohola eta beste substantzia batzuena; ohartarazi egiten du, gainera, kontsumitzen hasteko adina gero eta baxuagoa dela, nabarmen gainera. Horrez gain, kasu askotan, desinformazio dosi handiak daude tarteko.

Hartara, hitzaldi hauen xedea da espazioak sustatzea gizarteak kontzientzia izan dezan arriskuek eragindako arazoen inguruan. Dinamikak jomuga du informazio zehatza eta plurala ematea, betiere gazteengan eragin dezakeen alarma-irudirik sortu gabe. Saioetan ez dira gertaerak polizia- edota epai-ikuspuntuetatik aztertuko; ordea, helburua izango da prebentzio-jokabideak eta -balioak eta bizitza osasungarri baterako ohiturak helaraztea. Drogen eragin negatiboen inguruko argibideak emanen dira, eta aldi berean, Udaltzaingoa bezalako erakundeek drogen kontsumoa geldiarazteko dituzten aukerak plazaratuko dira.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!