Nafarroako ingurumen eta sozioekonomia ereduak "aldaketa" behar duela aldarrikatu dute hainbat eragilek

Euskalerria Irratia 2017ko eka. 12a, 12:37

Nafarroako Gobernua "aztarna ekologikoa areagotzen" ari dela salatu dute ingurugiroaren aldeko hainbat taldek, bai eta "kapitalaren logikari eta kazikismoari" jarraitzen diola ere.

"Gobernu hau gure lurraldean lehendik ere jasanezina den aztarna ekologikoa areagotzearekin tematuta dago. Gizadiak ezagutu duen krisialdi ekologikorik larrienaren aurrean gaude, krisi ekonomiko, sozial eta zainketako larriarekin batera. Eta hau dena planetaren muga fisikoak gainditzeko bidean gaudelakoz gertatzen ari da: aldaketa klimatikoa, baliabide naturalen bukatzea, eta ingurumenaren suntsiketa masiboa egungo testuinguruaren elementuak dira". Horra Nafarroa bizirik nahi dugu agiriko sinatzaileek salatutakoa -agiria, berez, 2011n kaleratu zuten, baina, orain, berretsi egin dute bertan sinatutakoa-. Beteak beste, LABek, ELAk, CGTk, AHT Gelditu Elkarlana, Ekologistak Martxan Fundazioa eta Sustrai Erakuntza daude babesleen artean. 

Hala, Nafarroako Gobernuak lurralde antolaketan eta bertako garapen sozioekonomikoaren arloan hartutako "norabidean kontra" azaldu dira, "kapitalaren logikari eta beronen zerbitzura dagoen kazikismoari" jarraiotzen diolakoan. Horren adibide dira, sinatzaileen esanetan, AHTarekiko, Aroztegiarekiko eta goi tentsioarekiko jarrera. 

Hamabi eskariren bueltan

Hamabi puntu bildu ditu manifestuak, hamabi eskari: ingurumenari dagozkion gaien inguruko informazioa eta parte hartze soziala; higiezinen espekulazio bukatzea, energia kontsumoa murriztea; "makro egituren" eraikuntza amaitzea; hondakinen kudeaketa "arduratsua"; kontsumo mailari "mugak jartzea"; "uraren kultura berria"; ondare kulturala zaintzea; nekazaritza tradizionala bultzatza; komunalaren "defentsa"; eta babestutako espezie eta espazioak zaintzeko "konpromiso irmoa" eskatu dituzte.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!