Doluaren prozesua lantzeko, gero eta behar gehiago

Euskalerria Irratia 2017ko eka. 9a, 10:53

Goizargi Elkarteak hamabost urteko ibilbidea osatua du. Dolua lantzeko prozesuak eskaintzen ditu. Entitate txiki moduan sortu zen 2002an baina gero eta arreta gehiago eskaintzen ditu. 

Goizargi Elkartea. Ez da oso ezaguna baina hamabost urteko ibilbidea osatua du. Dolua lantzeko prozesuak eskaintzen ditu. Entitate txiki moduan sortu zen 2002an, Raquel Mateoren esperientzia pertsonal batek sortu zuen. Orain, Mateo bera da Goizargiko arduradunetako bat. Urteotan hazi egin da Elkartea. Eta hazi egin da bertara jotzen duen jende kopurua ere.

Dolua, ikusezina izaten da askotan. Gizarteak ez du modu naturalean bizi eta horrek, dolua pasatzen dutenengan eragina izaten du. Zaildu egiten du prozesu hori bizi ahal izatea.

Dolua, gertuko pertsona baten heriotzak sortzen duen prozesua da. Baina ez bakarrik heriotza bat tarteko dagoenean. Dolua bizitzeko eta sentitzeko modu asko baitago. Gero eta gehiago dira bikote harremana hautsita edo gaixotasun larriren batek jotako doluak pasatzeko laguntza eske doazenak.

Dolua ez da gaixotasun bat, izatez. Baina, prozesua ez bada ongi egiten, gerta daiteke pertsona batzuengan gaixotasun bilakatzea.

Prebenitzea da gakoa 

Arazoari ez zaio aurre egin. Gero eta jende gehiagok jotzen du Goizargira laguntza eske. Prebentzioan ahalik eta gehien inbertitu behar da interbentzioan ahalik eta gutxien egiteko. 

Espezializatutako profesionalak ari dira lanean Goizargin, baita adituak ere. Eguneroko lanean ere gero eta lan handiagoa sortu zaie. 2014tik hazi egin da erabiltzaile kopurua eta urtero 100 pertsonarekin aritzen dira dolu prozesuetan, aurten, orain arte 50 lagun izan dira.

Sentsibilizazioa eta formazioa behar dira. Goizargik urtetik urtera lan zama handiagoa duenez, estrategia berria jarri nahi dute abian. Horretarako, beharrak ere sortu zaizkie:

  1. Epazio falta handia dute.
  2. Ikusgarritasuna hazi egin nahi dute.
  3. Elkargunerako tokiak sortu behar dira.
  4. Gizarteratzea lortu behar da.
  5. Eta doluaz dugun kontzeptua zabaltzea lortu behar da.

Doluaren prozesuaren laguntza izaten segitu nahi du Goizargik, eta hazi ere egin nahi du. Erreferente bilakatu da Nafarroan eta gero eta jende gehiagok eskatzen die arreta eman diezaieten. Hala, baliabideak eta tresnak eskatu dituzte parlamentuan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!