Abiadura Handiko Trenaren hitzarmena aztertzeko bilera

Euskalerria Irratia 2017ko eka. 9a, 07:54

>Gobernua babesten duten lau alderdiek batzarra izanen dute gaur Manu Aierdi Garapen Ekonomikorako lehendakariordearekin. 
>Madrilekin Nafarroak izan dezakeen hitzarmenak "bere horretan" desadostasunak sortu ditu.

Prestazio edo Abiadura Handiko Trenaren aferaz hitz egiteko batzartu eginen dira Gobernua babesten duten lau alderdietako ordezkariak Manu Aierdi Garapen Ekonomikorako presidenteordearekin. Gaur izanen da hitzordu hori, bilera monografikoa deitu dute gainera, trena eta trenbidearen afera sakon aztertu eta adostasunak erdiesteko asmoarekin.

Laukoaren baitan iritzi desberdinak daude. Ez dira ados jartzen. Aste honetan gainera, Mahai eta Eledunen batzarrean adierazpen bat onartu zuen Geroa Baik, UPN eta PPren babesari esker. Agiri edo adierazpen horretan jaso zuten, Espainiak Nafarroako korridorean hitzarmena adosteko borondatearen garrantzia.

Eskuinarekin lerratzea leporatu diote Gobernua babesten duten gainerako alderdiek, alegia, obra faraonikoak egin zituztenekin bat egitea. Geroa Baiko Koldo Martinezek horren aurrean beste irakurketa bat egin du: uste du, aurrera pausoa dela euren jarrerarekin bat egitea baita oposizioak ere. "Korridore guztia adostearen aldeko dira, baita, pertsonak eta merkantziak garraiatzeko trena izatearenarekin ere", esan du. Ministerioak aurkeztutako proposamenak zerikusteko handia du Martinezen esanetan programaren gaineko akordioan jasotakoarekin, baina, zenbait aspektutan desberdintasunak daude. Horregatik, horiek zuzendu eta adostasunetara iristeko batzartu eginen dira.

Laukoaren baitan hausturarik ez dagoela esan du EH Bilduk, bai ordea, desadostasunak. Madrilek orain aurkeztu duena, garai batean UPNrekin adostutakoaren oso antzekoa da eta aurrekontua handitu egiten du. Horrekin bat ez datozela esan du Adolfo Araizek eta batzarren bidez gaia berbideratzen ahaleginduko direla esan du. Madrilgo Gobernuari orain gai honekin sartu zaion presa ere ez zaio egokia iruditzen eta Nafarroako Gobernuak jakinen du zein heinean sinatuko duen hitzarmen hori.

Bideragarritasun ikerketarik eta azpiegituraren beharrak islatzen dituen txostenik gabe erabakirik ezin dela hartu uste du Podemos-Ahal Duguk. Izquierda-Ezkerrak uste du planteamendu horren aurrean badaudela alternatibak, ekonomikoki, sozialki eta ingurumenari begira errespetu handiagoz ariko dena. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!