Aurten ere Iruñeko auzoetara iritsi da Merkataritzarekin, hiria, hiriago programa, eta horren barruan, hainbat jardueratarako tokia izanen da, besteak beste, Sanferminetako kartela hautatzeko nazioarteko lehiaketan aurkeztutako 99 kartel ikusgai jartzeko 150 bat establezimendutan. Dastatzeak, kontzertuak, puzgarriak, lantegiak eta dantza-erakustaldiak egonen dira, dendariak kalera irtengo dira, eta ziklo bereziak ere egongo dira –Gau zuri gorria esaterako–: hori guztia prestatu du programak, eta horien ingurukoak azaldu dituzte gaur goizeko prentsaurrekoan Tokiko Ekonomia Jasangarriko zinegotzi ordezkari Patricia Peralesek, Nafarroako Merkatarien elkarteko koordinatzaile Inma Elcanok eta Zabalguneko Merkatuko Merkatarien Elkarteko presidente Javier Vergarak.
Honezkero, duela hamarkada bat baino gehiago abiatu zen Merkataritzarekin, hiria, hiriago programa, Iruñeko Udalak sustatuta eta Alde Zahar, Zabalgune, Iturrama, Martín Azpilcueta, Mendillorri, Donibane-Ermitagaña-Mendebalde eta Arrotxapeko (El Salvador) merkatari-elkarteekin elkarlanean. Ekimenaren helburua da auzoko establezimenduak auzokideei hurbiltzea eta merkataritzaren presentzia hiriaren bizitzan sustatzea.
Iturrama, Arrotxapea eta Donibane – Ermitagaña – Mendebaldea, lehenbiziko txanda
Iturraman hasiko dira Merkataritzarekin, hiria, hiriago programaren jarduerak, datorren ekainaren 9an, ostiralarekin. 17:30etik 21:00etara, hauek izanen dira aukeran: batetik, puzgarriak, musika eta haurrendako lantegi eta jolasak López pilotalekuan, Pio XII.aren etorbideko 18an eta Iturrama kaleko 43an; eta bestetik, desfileak, photocalla, dastatzeak eta kontzertuak Ezkirotz eta Joan Bosco kaleetako eta Pio XII.eko establezimenduen ondoan. Zehazki, merkatari hauek irtengo dira kalera: Iluminación Helios, Carniceria Sarriguren, Alimentación Virginia, Mercafrutas y Verduras, Centro Moldea, Biorki Bio Cosmética, Naia Estilistas eta Samoa.
Ondorengo asteburuan Arrotxapearen txanda izanen da ekainaren 16an (ostirala), arratsaldez, Marcelo Celayeta etorbidean: animazioak, zumba-erakustaldia, Arrotxan Kantuz-en kontzertua, haur trena eta musikaz girotutako paella-jana herrikoia. Larunbat goizean gaztelu puzgarriak izanen dira, Arrotxapeko Erraldoien Konpartsa irtengo da, zaharrei omenaldia eginen zaie eta bi ikuskizun egonen dira: La Rondalla-ren ikuskizuna bata, eta Duguna Dantza Taldearena, bestea.
Ekainaren 16an ere, Donibanera, Ermitagañara eta Mendebaldeara iritsiko da Merkataritzarekin, hiria, hiriago programa. 16:00etatik 21:00etara, puzgarriak, segwayak, salmenta kalean eta kontzertuak egonen dira, Irunlarrea pasealekuan eta Baiona etorbideko 56an, Golem zinema-aretoen eta Tramontana estatuaren ondoan.
Programazioa borobiltzeko, jarduerak Zabalgunean, Mendillorrin, Alde Zaharrean eta Martín Azpilcuetan
Zabalgunean, Kirolarekin, hiria, hiriago zikloak bi egun iraungo du. Ekainaren 17an, San Fermin Marathon lasterketarekin bat eginez, dendetan apaingarri zuri-gorriak paratuko dira, eta biniloak hiri-altzarietan; gainera spinning- eta zumba-erakustaldiak egonen dira Karlos III.aren etorbidean, San Fermin eta Tafalla kalearen artean. Ekainaren 24an futbolaren eguna izanen da: futbol-partidak eta jaurtiketa- zein penalti-jolasak, Karlos III.aren eta Orreaga etorbidearen artean.
Mendillorrin ohikoa den bezala, auzoko merkatariek honako jarduera hauek eskainiko dituzte ekainaren 22an, lakuaren inguruan: eko-zikloak, arku-tiroa eta puzgarriak; eta biharamunean, gasolinako kart ibilgailuak, zezen mekanikoa, DJa eta puzgarriak.
Egun berean, ekainaren 23an, Gau zuri gorria izanen da Iruñeko Alde Zaharrean: promozioak, dastaketak, moda-desfileak eta kontzertuak, besteak beste.
Azkenik, Martín Azpilcueta kaleko merkatariek ere euren harri koskorra jarriko dute Hasi gurekin sanferminak izeneko proposamenarekin. Horren barruan, elkartekide diren establezimenduen erakusleihoen errotuluak egingo ditu Gonzalo Nicuesak, sanferminetako motiboak birsortuz. Horrez gain, txartelak banatuko dira, gerora zozketatuko baitira El Mosquito jatetxean bi pertsonendako 4 afari eta 50 euroko 4 erosketa-txartel. Jarduerei dagokienez, ekainaren 30ean egun osoan zehar izanen izanen dira puzgarriak, jumpinga, globoflexia eta tren turistikoa. Egunari amaiera emateko, gaiteroek girotutako txistor jana herrikoia eginen da Etxebe tabernan eta El Mosquito jatetxean. Uztailaren 1ean 10:30etik 13:30era, puzgarriak, apar-festa, entzierro txikia eta haurrendako lantegi bat egongo da.
Sanferminetako kartelen erakusketa, eta jarduerak udal-merkatuetan
Merkataritzarekin, hiria, hiriago programari esker ikusgai paratuko dira aurtengo Sanferminetako kartelen nazioarteko lehiaketara aurkeztutako 371 lanetatik 99. Erakusketa hau Kondestablearen jauregian dagoenaren osagarri izanen da, Kondestablekoak 24 kartel finalistak bilduko baititu. Ekainaren 9tik 19ra bitarte, 95 establezimendutan ikusgai egongo dira 99 lan horiek, auzo guztietan banaturik. Ondoren, uztailaren 3ra bitarte ikusi ahal izango dira Zabalguneko establezimenduetan eta Zabalguneko eta Ermitagañako udal-merkatuetan.
Hain zuzen ere, udal-merkatu horiek eginen dute bat Merkataritzarekin, hiria, hiriago kanpainarekin: haurrendako sukaldaritza-lantegiak eskainiko dituzte goizez, ekainaren 10ean (larunbata) Zabalguneko merkatuan, eta 17an (larunbata) Ermitagañakoan. Izen-emateak 2 euro balio du haur bakoitzeko, eta 010 Herritarrendako Arreta Telefonoan egin behar da (948420100 telefonoan, Iruñeaz kanpotik, mugikorretik edo tarifa lauaz deituz gero). Gainera, ekainaren 16an, bezeroei loreak emanen zaizkie, udari ongietorria emate aldera.
Merkataritzarekin, hiria, hiriago
- Iturrama. Ekainak 9
- 17:30 – 20:30: puzgarriak, musika eta haurrendako jolasak. Lopez pilotalekuaren atzean.
- 17:30 – 20:30: puzgarriak, haurrendako jolasak eta musika. Pio XII.aren etorbidea, 18, albokoa, Corpus Christi parrokiaren ondoan
- 17:00 – 20:00: haurrendako lantegiak. Iturrama k. 43, etxe berdeen azpiko aldean
- Merkatarien jarduerak
- Ezkontza-jantzien desfilea, DJarekin; photocall-a eta dastaketa. Ezkirotz k. 26-28. 18:00
- Dastaketak, musika eta opariak. Pío XII.aren etorb. 17-18, albokoa. 18:00 – 21:00
- Kontzertua eta dastaketa. San Joan Bosco, 16 atzealdea. 18:00
- Kalera irtengo dira, erakusleihoen ondora, establezimendu hauek: Iluminación Helios, Carniceria Sarriguren, Alimentación Virginia, Mercafrutas y Verduras, Centro Moldea, Biorki Bio Cosmética, Naia Estilistas eta Samoa. Merkataritza-ordutegia.
- Arrotxapea. Ekainak 16
- 17:00: haurrendako trena. Marcelo Celayetako geralekua
- 18:15: animazioa, zumba-erakustaldia. Marcelo Celayeta
- 18:30: Arrotxan Kantuz-en kontzertua. Marcelo Celayeta
- 20:00: paella jana herrikoia, musikaz giroturik. Marcelo Celayeta
- Arrotxapea. Ekainak 17
- 10:00: auzoko merkatariak, plazara!
- 10:30: gaztelu puzgarriak. Maiteminduen parkea
- 11:00: Arrotxapeko Erraldoien Konpartsa. Marcelo Celayeta, Berardino Tirapu, Plaza Gorria
- 11.30: omenaldia, zaharrei. Marcelo Celayeta
- 11.30: dantza-erakustaldia, Duguna Dantza Taldearen eskutik. Marcelo Celayeta
- 12:00: La Rondalla-ren ikuskizuna. Marcelo Celayeta
- Donibane - Ermitagaña - Mendebaldea. Ekainak 16
- 16:00 – 21:00: puzgarriak, segwayak eta merkatariak, kalean. Irunlarreako pasealekua.
- 16:00 – 21:00: puzgarriak, tren turistikoa eta merkatariak, kalean. Baiona etorbidea, 56, Golem zinema-aretoen eta Tramontana estatuaren ondoan.
- 21:00: kontzertuak. Irunlarrea pasealekua eta Baiona etorbidea, 56, Golem zinema-aretoen eta Tramontana estatuaren ondoan.
- Zabalgunea. Ekainak 17. Kirolarekin, hiria, hiriago
- Apaingarri zuri-gorriak jarriko dira establezimenduen erakusleihoetan eta biniloak hiri altzarietan, San Fermin Marathon lasterketari babesa emate aldera. Lasterketan izen eman dutenendako proposamen bereziak eginen dituzten establezimenduen plano bat argitaratuko da.
- 12:00 – 14:00: spinning, zumba, etab. Karlos III.aren etorbidea, San Fermin eta Tafalla kaleen artean.
- Zabalgunea. Ekainak 24. Kirolarekin, hiria, hiriago
- 11:00 – 13:30 eta 17:00 – 20:00: Futbola karriketan. Karlos III.aren etorbidea, Orreaga etorbidearen ondoan
- Mendillorri. Ekainak 22
- 17:00: eko-zikloak, arku-tiroa eta puzgarriak. Lakuan
- Mendillorri. Ekainak 23
- 17:00: gasolineko kart-pista, zezen mekanikoa, DJa eta puzgarriak. Lakuan
- Alde Zaharra. Ekainak 23. Gau zuri gorria
- Salmenta kalean, promozioa, dastaketak, moda-desfilea, kontzertuak...
- Martín Azpilcueta. Ekainak 23 - Uztailak 4. Hasi gurekin sanferminak
- Gonzalo Nicuesak establezimenduen erakusleihoak errotulatuko ditu, sanferminetako motiboak birsortuz.
- Ekainaren 23tik uztailaren 1era txartelak banatuko dira El Mosquito jatetxean bi pertsonendako 4 afari eta 50 euroko 4 erosketa-txartelen zozketan parte hartu ahal izateko.
- Zozketa uztailaren 4an izango da, Lizarraga lurrin-dendan, 20:10ean.
- Martín Azpilcueta. Ekainak 30. Hasi gurekin sanferminak
- 10:30 – 13:30 eta 17:30 – 20:00: tren turistikoa (geralekuak: San Alberto Handiaren k. 2 eta 6), puzgarriak eta jumpinga, Martín Azpilcueta zeharkaleko plazan
- 17:30 – 20:00: globoflexia. Martín Azpilcueta k. 24.
- 19:00 – 20:00 txistor jana herrikoia, gaiteroek girotuta, Etxebe tabernan eta El Mosquito jatetxean.
- Martín Azpilcueta. Uztailak 1. Hasi gurekin sanferminak
- 10:30 - 13:30: tren turistikoa (geralekuak: San Alberto Handiaren k. 2 eta 6) eta puzgarriak Martín Azpilcueta zeharkalean, apar-festa Martín Azpilcueta zeharkaleko plazan, eta haurrendako lantegia Martín Azpilcueta kaleko 6an.
- 12:00 – 13:00: entzierro txikia Martín Azpilcuetan.
- Ermitagañako eta Zabalguneko udal-merkatuak.
- Sukaldaritza-lantegiak haurrendako; udako edizio berezia
- Ekainak 10, larunbata, Zabalguneko merkatuan
- Ekainak 17, larunbata, Ermitagañako merkatuan
- Izen-ematea: 010 eta 948420100 Herritarrendako Arreta telefonoetan. Prezioa: 2 euro
- Bizi uda merkatuetan. Lore-banaketa. Ekainak 16, ostirala