Auzitegi Gorenak ebatzitakoaren aurrean kezkatuta daude Altsasuko Auzian auzipetuak dauden hamar gazteen gurasoak. "Tristura, etsipena eta kezka sentitzen dugu", esan du Antxon Ramirez de Alda espetxeratuta segitzen duen gazteetako baten aitak. "Kezkaturik gaude Oihan, Jokin eta Adurrek zazpi hilabete daramatzatelako preso, urrunduak eta FIES erregimenaren pean", azaldu du.
Nafarroako Lurralde Auzitegiak egindako autoa ez da kontuan hartu: autoaren 16 orrialdeetan zorroztasun juridikoz aztertzen dira gertakariak, frogak eta euskarri juridikoak eta ondorioztatzen da ez dagoela zantzurik ez eta argudio juridikorik gertakariak terrorismo ekintza gisa hartzeko. Auzitegi Nagusiak baina, 4 orrialdeetan ebazten du Auzitegi Nazionalarena dela eskumena. Gazteen defentsako abokatuek uste dute azaleko autoa dela, ez duela auziaren elementuetan sakontzen eta ez dituela argudio juridikoak ematen ere.
Babesik gabe sentitzen dira gurasoak
"Altsasuko hamar gazte daude erabat neurrigabeko espetxe eskariei aurre egin bejar izatera kondenatuak", salatu du Ramirez de Aldak. Eskaera horiek errealitatetik kanpo, sen onak dionaren kontrakoak dira. "Triste, beldurtuta eta etsipenarekin ari gara egoera honi aurre egin nahian", azaldu dute.
Justizia eskatzen segituko dute
Nafarroako parlamentuko talde politiko guztiei bilkura baterako hitzordua eskatu diete egoeraren berir eman eta haien babesa eskatzeko. Sindikatuekin ere eginen dute antzerako hitzordua. Kultur eta gizarte talde guztiak deituko dituzte heldu den astean Iruñean eginen den bilkuran parte hartzera, gogoeta bateratua egiteko eta haien babesa eskatzeko. Azkenik, Nafarroako eskualde guztiak "besarkatzeko" bira bati ekinen diote, auziari buruzko informazioa zabaldu asmoz.