Bihar, Ziudadelan, jolasak, lantegiak eta zirkua

Euskalerria Irratia 2017ko eka. 6a, 14:31

Dindaia Fundazioaren eskutik, Ziudadelan jostaketan programaren barruan. Jarduerak adin guztietako haurrei zuzenduak daude, 17:00etatik 19:30era egingo dira, eta sarrera librea da.

Bihar, ekainaren 7an, asteazkenarekin, Ziudadelan jostaketan zikloko beste jarduera bat egongo da, Dindaia Fundazioaren eskutik, 17:00etatik aurrera Iruñeko Udalaren euskarazko haur-programazioaren barruan. Oraingoan, Iruñeko fundazio honek ikasturte bukaerako jaia ospatuko du. Dindaikale- jolas eta tailerrak izenburupean, jardueraz betetako programa bat prestatu du.

Programatutako jarduerek Ziudadela “kale dibertigarri eta berezi” bihurtuko dute arratsalde batez, eta bi bloketan banatzen dira: 17:00etatik 19:00etara, Jolasen txokoan, hainbat jolas eta lantegi antolatuko dira, adinak aintzat hartuta. Txikienendako guneak egongo dira hainbat jarduerekin: aurpegiak margotzekoak, marraztekoak, oreka-jolasak, xaboi-punpuila erraldoiak, baita igerileku txiki bat eta 3 urtetik beherakoendako psikomotrizitate moduluak ere. Lehen Hezkuntzako ikasleendako beste jarduera-mota batzuk prestatu dira, hala nola, enigmen karpa bat, punteria-jolas libreak, birziklatzea, inbutuak eta ur-jolasak. Protagonisten arabera, jolas eta lantegi berritzaileak dira, dibertigarriak, sormena eta elkarlana lantzekoak.

Jardunaldia osatzeko, 18:45etik 19:30era, Zirkoloretsua konpainiak malabare, globoflexia, magia eta zirku ikuskizun bat eskainiko du, non Zigor Ozpin pailazoaren istorioa kontatuko baitu. Munduari itzulia eman eta ehunka ikuskizun ikusi ondoren, protagonistak ikuskizun propio bat egitea erabakitzen du. Ez daki, baina, ongi aterako zaion edo tomateak jaurtiko dizkioten.

Ziudadelan Jostaketan hurrengo asteazkenean amaituko da (ekainak 21), Kiki, Koko eta Moko pailazoen emanaldiarekin. 18:00etatik aurrera Txintxilintxin, bakea egin izeneko ikuskizuna antzeztuko dute, adin guztietako haurrei zuzendua.

Dindaia Fundazioa, aisialdian euskararen erabilera sustatzeko

Dindaia Fundazioa Iruñeko irabazi asmorik gabeko fundazio bat da, 2004an sortua. Bere jarduera batez ere ikasgeletatik kanpo euskararen erabilera sustatzera bideratzen da, haur eta gazteen aisialdian.

Fundazioak hainbat programa eta jarduera antolatzen ditu: Aixe programa, eskolaz kanpoko ekintzekin eta hiri-kanpaldi zein -lantegiekin; Txarrantxa, 2 eta 3 urteko haurrendako ludoteka, goizez; Haur eskolak lan-programa, Nafarroako hainbat haur eskola publikoetarako; eta Amaiaren Eguberriak ipuina, Pottoka haur eskolarekin batera argitaratua. Xamarikoren ipuin zorroa programak haur eta helduei euskal kultura helarazi nahi die, Xamariko iratxoaren eskutik, honako euskarri hauen bidez: ipuin eta kondaira liburu bat, komiki bat, bertsoak dituen CD bat eta antzerkirako egokitzapenak.

Euskarazko Haur Programazioa. Ziudadelan Jostaketan

  • Ekainak 7, asteazkena
  • Dindaia Fundazioa
  • Dindaikale, jolas eta tailerrak
  • 17:00 – 19:00: Jolasen txokoa
  • 18:45 – 19:30: Pailazoen emanaldia (Zirkoloretsua)
  • Ekainak 21, asteazkena
  • Kiki, Koko eta Moko pailazoak
  • Txintxilintxin bakea egin
  • 18:00

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!