Guztira, 2.926 ikasle nafarrek egingo dituzte Batxilergoaren Ebaluazioa Unibertsitatean Sartzeko (BEUS) probak ekainaren 7, 8 eta 9an, Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Iruñeko (Arrosadia) eta Tuterako campusetan. Iaz baino 17 pertsona gehiago matrikulatu dira, aurreko urtean 2.909 ikasle matrikulatu baitziren.
Matrikulatu diren ikasle guztietatik, 1.687 emakumeak dira (% 58,5) eta 1.239 gizonak (% 41,5). Bestalde, hizkuntza ereduari dagokionez, guztira 2.136 ikaslek egingo dute hautaproba gaztelaniaz, eta 790ek euskaraz. Notak ekainaren 14ko 13:00etatik aurrera jakinaraziko dira, Unibertsitatearen webgunearen bidez (www.unavarra.es) eta horretarako diseinatu den telefono mugikorrentzako aplikazioaren bidez. Azterketaren lehen egunean ikasleari pasahitza emango zaio nota kontsulta dezan.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak egiten du BEUS probetarako deialdia, Nafarroako unibertsitate barrutiko ikasleen probez arduratzen den erakundea baita. Matrikulatutako ikasleak zazpi epaimahaitan banatu dira, eta horietatik sei Arrosadiko Campusean egongo dira, eta zazpigarrena, Tuterako Campusean. Iruñeko epaimahaietako bost Ikasgelategian egongo dira (horietako bi euskaraz), eta besteaSario eraikinean. Proben orduak, ikastetxeen banaketa epaimahaika eta aurreko urteetako azterketak (Unibertsitatearen webgunean) daude kontsultatzeko. Aipatu proben bigarren deialdia ekainaren 28, 29 eta 30ean egingo da.
NAHITAEZKO FASEA ETA FASE ESPEZIFIKOA
BEUSeko araudia aurten aplikatuko da lehenbiziko aldiz 2013ko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoa, Hezkuntza Kalitatearen Hobekuntzakoa (LOMCE) betez, baina ez du aldaketa garrantzitsurik ekarri aurreko Unibertsitatean Sartzeko Probarekin (USP) alderatuz gero.
BEUS probak bi fase ditu: nahitaezkoa eta borondatezkoa. Lehenengo fasean, ikasleek Batxilergoko modalitate guztietako hiru irakasgai komunetako (Gaztelania eta Literatura, Espainiako Historia eta Atzerriko Hizkuntza, zeina ingelesa, frantsesa edo alemana izan baitaiteke eta atzerriko lehen edo bigarren hizkuntza gisa ikasteko aukera baitu ikasleak) azterketak egingo dituzte. Nafarroan, A eta D hizkuntza ereduetakoek beste azterketa bat egin beharko dute: Euskara eta Literaturakoa. Horrez gainera, beste proba bat egingo da: Batxilergoko beren modalitatean egin duten enborreko irakasgaiari dagokiona. Zientzietakoa, Matematika II izango da; Giza eta Gizarte Zientzietakoa, Latina II edo Gizarte Zientzietan aplikatutako Matematika II; eta Arteetakoa, Artearen Oinarriak II.Azterketa horietan lortutako kalifikazioen batezbesteko aritmetikoa kalkulatuko da, eta ikasle batek BEUS proba gaindituko du, baldin eta batez besteko nota hori % 40an eta bere Batxilergoko espedienteko batez besteko nota % 60an haztatuta lortzen den nota 5 puntukoa (10etik) edo handiagoa bada. Haztatzeko, nahitaezko faseko azterketetako kalifikazioen batezbesteko aritmetikoak 4 puntu (10etik) edo handiagoa izan behar du. Ikasleak proba gainditzen badu, bere notaren iraupena mugagabea izango da.
Deialdi honetan, ikasle gehienek, 2.622, zehatz esanda, nahitaezko fasean eta fase espezifikoan eman dute izena; 134 ikaslek nahitaezko fasea bakarrik egingo dute, eta beste 170 ikaslek fase espezifikoa bakarrik.
HAUTAPROBEN EGUTEGIA
Probak ekainaren 7an hasiko dira, asteazkenean, 9:30ean, Gaztelania eta Literatura II azterketarekin, eta 12:00etan segituko dute, Espainiaren Historiarekin. Arratsaldean, 16:00etatik aurrera, Atzerriko Hizkuntza II azterketa egingo dute.
Ekainaren 8an, ostegunean, egingo diren probak goizeko 8:30ean hasiko dira, Euskal Hizkuntza eta Literaturako azterketarekin (A eta D ereduak). Goizeko 11:00etan, Matematika II, Latina II eta Artearen Oinarriak II azterketak egingo dira. Arratsaldean, 15:00etatik aurrera, Gizarte Zientzietan aplikaturiko Matematika II eta Biologia azterketak egingo dituzte eta, 17:30etik aurrera, Marrazketa Teknikoa II, Geografia eta Arte Eszenikoak.
Probak ostiralean, ekainaren 9an, bukatuko dira. Egun horretan, 8:30ean, Filosofiaren Historia egingo da, eta, 11:00etan, Fisika, Greziera II eta Ikus-entzunezko Kultura II. Azkenik, arratsaldean, 15:00etatik aurrera, Kimika eta Artearen Historia azterketak egingo dituzte, eta, 17:30etik aurrera, Geologia, Enpresaren Ekonomia eta Diseinua.