Iruñea Antitaurina. Izen hori jarri diote zezenketen aurka jaio berri den taldeari; jai ereduaren inguruan hausnartzea dute xede, "zezenen kontrako sarraskiarekin bukatu eta odol erritualik gabeko sanfermin batzuen alde". "Eztabaida irekitzea, ideien hartu-emana egitea eta finean hiritarrek erabakitzea nahiko genuke".
"Gure hiria maite dugu, gure kultura, jaiak… Aitzitik ezin dugu beste alde batera begiratu fanferminetan ikuskizun zehatz batean gertatzen diren animalienganako tortura dela eta. Hain zuzen ere plaza honetan bertan gertatzen dena. Animaliak hiltzea ez da atsegina. Publikoki zezenak labankadaz eta odolustuz hiltzea ez da gure jaia. Tauromakia beste garai batzuetako jarduera da, desagertzear dagoena ( bederen guri gustatuko litzaigukeena). Jaiak eta ikuskizun penagarri hau uztartzea hainbeste maite dugun hiriarentzako kaltegarria dela deritzogu ere", esan dute, prentsa ohar bidez.
Entzierroek, "gune propioa"
"Onartu behar dugu entzierroek tratu txarrak dakartzatela Albaitarien informetan esaten den moduan baina zezenketek bere muinean duten muturreko tratu txarrengandik aldentzen da entzierroa". Horra entzierroaren inguruan adierazitakoa. Horregatik, Iruñea Antitaurinak ez du gaia jorratuko; "eztabaida-gune propioa eta erritmo ezberdinak" izanen ditu entzierroak, beren hitzetan.