Nafarroako Parlamentuak gaur argi berdea eman dio Euskararen Legea aldatzeko proposamenari. Foru Erregimeneko batzordea bildu da gaur eta onartua gelditu da proposamena. Hurrengo pausua parlamentuko osoko bilkuran bozketa egitea izanen da. Gaurko saioaren hasieran Javier Eneriz arartekoak hartu du hitza eskatutako txostenaren berri emateko. Bi norabideak aztertu ditu: batetik, eremu ez-euskaldunetik mistorakoa —44 udalen eskaria—; bestetik, mistotik ez-euskaldunerakoa —Zizurko Udalarena—. Lehen aldaketa ildoa "koherentetzat" jo du Arartekoak, eskubideak zabaltzea baitakar. Bigarrenaz, berriz, ohartarazi du "atzerakada" dela eskubideetan, eta, hori egitekotan, "motibo objektibo eta arrazoituak" eman behar direla. Zizur Zendeako Udalaren argudioa zera da, postu publikoetan euskara eskatzea ez dela egokia. Arartekoak ez du balekotzat jo argudioa.
UPNk defendatu du Zizurko udalaren eskaria gaur parlamentuan, eta argudiotzat erabili du laukoteak beste herrietan darabilena: aldaketa udaleko gehiengoak eskatu duela.
UPNren proposamena bidean geratu da, eta PPrena ere bai. Aldaketarik ez egiteko eskatu du, udalen eskariei bide ematea "lur arriskutsuetan sartzea" delakoan.
44 herri eremu mistoa pasatzeko zuzenketa gobernua sostengatzen duten lau indarrek aurkeztu eta defendatu dute. Gainerako zuzenketak, ordea, ez dituzte laurek elkarrekin aurkeztu. Atetz eremu euskaldunera pasatzeko eskaria, adibidez, Ahal Dugu-k eta EH Bilduk erregistratu dute —EH Bilduk du gehiengoa Atetzen, eta haren botoekin egin du eskaria udalak—. Geroa Baik eta Ezkerrak ere babestu dute aldaketa.
Eremu aldaketen alboan, badira beste bi proposamen ere. Batetik, eremu ez-euskalduneko udalei aukera ematea euskara ordenantzak egiteko; orain arte ez dute lege bermerik izan. Bestetik, hitz aldaketa bat legean: gaztelaniaz, vascuence ez, euskera erabiltzea. Ezkerrak ez beste hiru taldeek aurkeztu dituzte bi proposamen horiek —Geroa Baik, EH Bilduk eta Ahal Dugu-k—, eta Ezkerrak ere aldeko botoa eman du. Kontra bozkatu dute UPNk eta PPNk, eta PSN abstenitu egin da.
Eremu mistora pasako diren herrien zerrenda
Abaigar, Allin, Adios, Oibar, Ameskoabarren, Antzin, Añorbe, Aranaratxe, Arellano, Artazu, Bargota, Beriain, Biurrun-Olkotz, Cabredo, Zirauki, Deikaztelu, Eneritz, Eulate, Galoze, Garinoain, Itzagaondoa, Larraona, Leotz, Lerga, Longida, Mendigorria, Metauten, Mirafuentes, Murieta, Nazar, Obanos, Erriberri, Oteitza, Puiu, Villatuerta, Zangoza, Tafalla, Tebas, Tirapu, Untzue, Uxue, Urraul Beiti, Urrotz eta Zuñiga.