Trenbide sarea 2023rako prest egotea aurreikusi dute

Euskalerria Irratia 2017ko mai. 26a, 08:35

Manu Aierdi eta Iñigo de la Serna atzoko batzarrean. Arg: ahotsa.info

Garapen Ekonomikorako lehendakariordea, Manu Aierdi eta Iñigo de la Serna Ministroa batzartu ziren atzo Prestazio Handiko Trenaz hitz egitera. "Pertsonen bidaietarako eta salgaiak garraiatzeko aukera emanen duen trenaren alde egin dugu", esan du Aierdik. 

Dataren aurreikuspenarekin amaitu zuten Manu Aierdik, Garapen Ekonomikorako lehendakariordeak eta Iñigo de la Serna Espainiako Ministroak Prestazio Handiko Trenaren inguruko bilera: 2023rako Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoarekin lotuko duen zatia eta Zaragozarekin lotuko duena amaituak egonen direla aurreikusi zuten. 

"Nafarroako trenbide sare osoa pertsonak eta salgaiak garraiatzeko izanen da", nabarmendu du Aierdik. De la Sernak borradore bat jarri zuen mahai gainean: 2010ean egin ez zirenak aldatuta datoz oraingoan bi nobedaderekin: alde batetik, aurrekontua handitu eginen da Casyejon eta Zaragoza arteko sarearentzako, 675 milioi eurotatik 800 milioi eurotara pasako da (1.000 milioi eurotara iritsi daitekeela ere aurreikusi dute); bestetik, klausulak ezarri dituzte epeak betetzeko bermeekin, hasieratik eta bukaeraraino eta horrez gain finantziazioan ere ziurtasun batzuk bildu dituzte klausula horien bitartez. Horiekin lortu nahi dutena da UPNrekin gertatu zena berriz ez errepikatzea, hau da, adostutakoa bete dadila eta hala ez bada bestelako neurriak hartzeko aukera izanen da. 

2010ean UPNrekin negoziazioa izan zenean 2016rako aurreikusi zuten Abaidura Handiko Trena, baina, 2017 honetan 15 kilometro baino ez daude eginak: Castejon eta Villafranca arteko eremua dago egina eta horretarako Espainiako Gobernuak 35 milioi euro bideratu zituen eta Nafarroakoak 45 milioi euro. 

Lehentasunak zein?

Sustapen Ministroarentzako lehentasuna da orain Castejon eta Iruñea arteko eremua lehen bai lehen amaitzea. Horren aurrean dena dela Aierdik jakinarazi zion oraindik ez dagoela erabakita eta planifikatuta nola eginen den Etxabakoizko geltokia. Iruñetik nola eginen duen sartu-irtena aztertzerako unean Euskal Autonomia Erkidegoan adostutakoaren bidetik joan dadila eskatu dio Aierdik De la Sernari. Hain zuzen EAErekin lotura nola egin daitekeen aztertzeko uda iritsi baino lehen batzartuko dira hiru aldeak. Bi aukera aztergai izanen dituzte: Ezkio itsasotik sartzea edo Gasteiztik egitea. 

Castejon eta Zaragoza arteko tartea ez dago hain zehaztua:egun dagoen trenbide sarea hobetzeko proposamenak du indar gehien eta horretarako 300 milioi euro beharko lirateke. Aukera hori litzateke bideragarriena, plataforma bat sortzea baino merkeagoa litzatekelako, besteak beste. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!