Nafarroako Ahal Dugun ez da giro: Eduardo Santos da idazkari nagusi berria, primarioetan 27 botoko aldea aterata Laura Perezi. Eta Perezek prozesu telematikoaren auditoretza eskatu du.
Santosek gehiengo zabala du Hiritar Kontseilu berrian (29 kideetatik 17 dira Martxoak 20 hautagaitzaren aldekoak), eta batasuna posiblea dela aldarrikatu du Euskalerria Irratiko mikrofonoen aitzinean.
Baina Ikusteko dago, besteak beste, nola berrantolatzen duten talde parlamentarioa, esaterako, Perezek eledun lanetan segitzen duen.
Pozik?
Apustu politiko bat egitea eta irabaztea, pozik egoteko modukoa da.
Laura Perezek bozketa telematikoaren auditoretza eskatu du. Zer iruditzen?
Eskubide osoa du hori eskatzeko. Baina prozesu hori guztia zein den ezagutu behar da. Igande gauean, Pablo Echenique antolakuntza idazkariak deitu ninduen, eta azaldu emaitzak zizkidan. Botoak telematikoak dira, eta segurtasun neurriak, iruzurren aurkako neurriak hartzen dira. Elektronikoki emaitzak zabaltzen dira, eta aztertzen da aparteko gorabeherarik izan den. Honako honetan, halakorik ez zen gertatu. Gero, informatika arduradunek datuak aztertzen dituzte. Eta, azkenik, datuak argitaratzen dira. Beraz, iturri guztien arabera bozketa ongi joan zen, ez zen gorabeherarik izan.
Ez dakit Laura Perezek zergatik aztertu nahi dituen emaitzak, boto alde txikia izan zelako ala gauza arraroak izan zirela uste duelako. Hala bada, azal dezala zergatik, orain arte ez baitu egin.
Perezek dio kanpainan kritika pertsonalak egin dizkiozuela, eztaaida politikoan sartu gabe.
Hiperlidergoaren aurka jarri ginen. Hiperlidergoarekin gertatzen dena da gauza politikoak pertsonalak bihurtzen direla, pertsona batek dena erabakitzen duelako.
Zuekin, Ahal Dugu-ren merkealdi politikoa iritsiko dela ere esan du.
Hau ez da denda bat baizik eta alderdi politiko bat. Eta Hiritar Kontseilu berri bat dago. Kontseiluko kideek erabakiko dute nondik jo. Oraindik ez gara bildu, erabakitzeko zeintzuk diren gure helburuak. Beraz, ez dakit merkealdia den ala ez. Baina hau ez da denda bat baizik eta alderdi bat.
Alderdiak zatituta dirudi.
Giro honekin, batasunaz hitz egiten baduzu badirudi txantxa bat egiten ari zarela. Baina lan egiten duten pertsonen artean badago batasuna. Botoa emateko inskribatutako guztiek ez dute lan egiten. Lan egiten dugunok argi daukagu zer egin behar den eta nola. Batasuna lanaren bidez lortu behar dugu. Zer helburu lortu nahi dugun zehaztu behar dugu. Eta jendea horretara ekarri.
Zer esan nahi duzu, lan egiten duen jende guztia Martxoaren 20 hautagaitzan zegoela?
Kritika hori Laurak Perezek egin zuen. Bi hautagaitzetan badago lan egiten duen jendea. Alderdira joaten ari den jendea eta egunero ekarpenak egiten duen jendea, jende horrek badaki hau alderdi bat dela eta lan egin behar dela, eta bat egin behar duela.
Zer gertatuko da talde parlamentarioarekin? Laura Perezek segituko al du bozeramailea izaten?
Atzo esan zuen erabakiaren zain dagoela. Oso denbora gutxi izan dugu denen artean pentsatzeko zer egin nahi dugu, nola eta norekin. Lehen kontua da mezua zehaztea, eta gero dator mezu hori transmititu behar duen jendea hautatzea.
Ainhoa Aznarez zuen hautagaitzaren eleduna izanen dela esan izan duzue. Nola gauzatuko da hori?
Hiritarren Kontseiluak zehazten ditu ildo politiko nagusiak. Eta Ainhoa kontseilu horren eleduna izanen da. Baina Parlamentuan ez. Neutraltasuna eta inpartzialtasuna desberdindu behar dira. Ainhoa Parlamentuan ez da neutrala, ideologia bat duelako, alderdi baten barruan dagoelako eta haren ideiak babesten dituelako. Baina Parlamentuko presidente bezala inpartziala izan behar da.
Tuterako zinegotzi Dani Lopezek zein rol jokatuko du?
Garrantzi handia eman diogu lurraldeen ahotsari. Deszentralizazioa lortu behar dugu, baina ez bakarrik Madrilekiko. Baita Iruñearekiko ere. Jarduera osoa kontzentratzen da Iruñerrian, eta Nafarroa oso anitza da, askotarikoa. Herritarren erdia bizi dira Iruñetik kanpo. Haiei ahotsa eman behar diegu. Batez ere Erriberan.
Zergatik Erriberan bereziki?
Erribera oso garrantzitsua da guretzako. Badago haustura sozial eta identitario bat. Gauza bera gertatzen da Sakanan. Langabezia handiko lurraldeak dira, eta bestelako politikak behar dituzte, haustura hori gainditzeko. Pirinioak non dira? Zer gertatzen da han? Begirada zabaldu behar dugu.
Erakundeetan ez ezik kalea ere egon nahi duzuela diozue. Nola gauzatuko da hori?
Kalean egotea ez da plazan edo espaloian ibiltzea, baizik eta jendea entzutea. Gizarte taldeen ahotsa entzun, haien eskaerak, eta egokitu erakundeetara. Kalean egotea elkarrizketa iraunkorra edukitzea da. Ezin gara geratu Parlamentuko bulegoan, eta gero noizean behin manifestazio batera joan. Belarriak kalean eduki behar ditugu, jendearekin.
Eta ba al dago hori guztia kudeatzerik Madrilen diputatu izanda?
Zuzendaritza korala aipatu genuen. Zuzendaria bat da, baina talde bat gara. Bakoitzak ardura bat hartuko du, eta bere lana eginen du. Gainera, ni ez naiz Madrilen bizi. Hara lan egitera joaten naiz, astea bizpahiru egunez.
Harreman ona ei duzu Ione Belarrarekin eta Pablo Iglesiasekin.
Ionerekin bat, baina nik Iglesiasekin apenas dudan harremanik. Beste Liga batean jokatzen du. Azkenean, Kongresuan ikusten da liderrek zama bat dutela, ardura bat. Estrategia politikoa eta diskurtsoa prestatu behar dute. Ni beste zeregin batean nabil, batzordeetan. Hor badago distantzia pixka bat.
Orain bilduko gara Nafarroari buruz hitz egiteko, eta pentsatzen dudana azalduko diot. Seguru asko eztabaida interesgarria izanen dugu. Baina horrek ez du esan nahi haren babes esplizitua dudanik. Orain arte ez dugu halakoez hitz egin.
Iglesiasek gauza berriak entzunen ditu?
Pentsatzekoa da baietz. Laura joan izan da zuzendaritzako bileretara orain arte, eta ni ez naiz Laura. Aldaketa bat izan da Nafarroan Ahal Dugu-n.
Sanchez da PSOEko idazkari nagusi berria. Zer espero duzu?
Mariano eta marianistak botatzeko gehiengoa nahiko nuke, herritarrei sufrimendua aurrezteko, PPk egiten duena jasanezina baita.
Lortuko al da?
Guk beti esan izan dugu gehiengo hori lortu nahi dugula, baina Sanchezek egin zuena izan zen Ciudadanosekin lotu akordioa eta gero guregana etorri, esatera Ciudadanosekin adostutakoa babestu behar genuela. Eta badakigu Ciudadanos zer den.
Sanchezek jarrera aldatuko du, eta ausartuko da gehiengo alternatiboa osatzera? Ikusiko dugu. Espero dezagun baietz.
PSOE eta Podemos hurbiltzen badira, PSN eta Ahal Dugu ere hurbilduko al dira?
PSNren azken erabaki ezaguna izan da Nafarroako Banderaren aldeko maniestazio horren alde egitea. Horrela ezin da. Hemen ederki ezagutzen dugu PSN. Ez dakit Sanchezek jarrera aldatuko duen. PSOEk PPri abstentzioaren bidez bidea zabaldu dio, eta hemen hogei urtez egin dute hori.
Guk zergatik egin beharko genuke haiekin akordioa? Madrilen akordioa lortu dutelako? Gauzek ez dute horrela funtzionatzen. Hemen PSNn gauzak asko aldatu beharko litzateke. Guk hemen ez dugu haiekin bat eginen. Aldaketan ez dutela tokirik izanen.
Patxi Zabaletak atzo gure mikrofono hauetan esan zuen Laura Perezek oso rol historiko garrantzitsua jokatu duela aldaketan. Zuk zer diozu?
Laura Perezekin batera, batzuk izan ginen hor. Idazkari nagusiak hor egoteko ohore hori eduki zuen. Eta ardura historiko bat bete zuen, aldaketa bultzatzeko eta finkatzeko. Baina orain beste une batean gaude. Eskertu nahiko nioke egindako lana. Idazkari nagusia izatea momentu horretan, alderdia sortzea, eta erakundeetan sartzea.