Lan arloan, "aldaketa soziala sendotzeko" proposamena aurkeztuko diote ELAk eta LABek Nafarroako Gobernuari. Hamar neurriz osatutako "balizko akordioen agenda" osatu dute, honako hauek barnebilduz: herri administrazioko azpikontrata guztietan klausula sozialak ezartzea; igande eta jai egunetan ez irekitzeko akordioak erdiestea; behin behinekotasuna %5era murriztea; osasun arreta mutuatik Osasunbidera pasatzea; berdintasunaren aldeko Europako zuzentaraua aplikatzea; lan auzitegia "demokratizatzea eta berritzea"; lan ikuskaritza propioa sortzea, prebentzioko delegatuen formakuntzarako akordioa sinatzea; hizkuntza eskubideak garatzea, euskarari aitortza eginez; eta, azkenik, "enplegu berdeak" sustatzea.
Bilera eginen dute LABek eta ELAk Nafarroako Gobernuarekin, hamar proposamenen inguruan solas egiteko. Bi sindikatuek adierazi dute "negoziaziorako prest" direla, baita "mobilizatzeko" ere.
Elkarrizketa Sozialerako Kontseilua, agortuta
Elkarrizketa Sozialerako Kontseilua hizpide, Nafarroako Gobernua ohartarazi nahi izan dute, izan ere, organo egokia ez dela deritzote: "antzua da haren dinamika eta patronalarena da azken hitza", Igor Arroyo LAB sindikatuko kideak adierazi duenez. Are gehiago, "iraganeko kontu bat" baino ez da, ELA sindikatuko Mitxel Lakuntzaren irudko.
"Bake soziala" lortzeko tresna izan dela salatu dute LABk eta ELAk, "eraginkortasun falta" duela eta patronalak duela "beto eskubidea". Hori gutxi balitz, ahalbidetu duen finantziazioa "ELA eta LABen kontrakoa" izan dela uste dute.