Ikasleak eskola jazarpenarekin kezkatuta, elkarbizitza sustatzeko proiektua aurkeztu dute

Euskalerria Irratia 2017ko mai. 18a, 07:58

Nafarroako Gazteriaren Kontseiluko, NUPeko Ikasle Kontseiluko, LGTBI+ Elkarteko Ortzadarreko kideak eta Nafarroako Eskola Kontseiluko Ikasleak izan dira Parlamentuan proiektua aurkezten. 

Nafarroako ikastetxeetan elkarbizitza sustatzeko proiektua aurkeztu dute. Aniztasunari errespetuz jokatzeko sortu duten lana izan da. Lucerok artu du hitza proiektuaren nondik norakoak azaltzeko.

Hausnarketa baten emaitza da lan hori. Eskola jazarpenarekin amaitu eta pluraltasunari ateak zabaltzeko bidea izan nahi du, tresna. Ikasle talde handi batek uste du gaia ez dela sakon aztertu, baizik zeharka. Ez zaiola irtenbide egokirik bilatu, baizik zeharkakoak. Horregatik, unea iritsi da jazarpenari oinarritik heltzeko eta irudi positibo bat bilatuz, elkarbizitza lantzeko.

 

Hezkuntza sistema osoaren parte hartzea beharrezkoa da, irtenbide egokiena eman eta prebentzioan ere eragiteko. Proiektuak hiru ardatz nagusi ditu:

Bisibilizazioa, ikusaraztea. Manifestu bat ere osatu dute euren aldarrikapen eta eskaerekin. Kanpaina bat ere jarri dute abian sare sozialetan, busti jazarpenaren kontra izenekoa. Eta manifestazio baterako deia ere egin dute, ekainaren 9rako, arratsaldeko seietan irtengo dena Iruñeko Udaletxeko plazatik.

Arazoaren analisia. Gaia sakon aztertu behar da benetako soluzioak planteatu ahal izateko. Heldu den ikasturterako jardunaldiak antolatu dituzte adibidez. Eskola jazarpena pairatu dutenak ariko dira eta baita eskola jazarpen horren egile izan direnak ere. Adituak ere izanen dira.

Kontzientziazioa. Ikasleekin landu beharreko gaia, batez ere. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren antzerki taldeak obra bat prestatuko du Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzentzeko.

Horiexek beraz proiektuaren hiru gakoak: bisibilizazioa, arazoaren analisia eta kontzientziazioa.

Eskola jazarpenari aurre egiteko eta ikastetxeetan anitzen elkarbizitza ahalbidetzeko ezinbestekoa da gizarte osoaren inplikazioa, eta horretarako dei egin diete politikariei ere euren agendetan txerta dezaten gaia. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!