NUPeko irakasle batek paleoklimatologiari buruzko azterlan bat argitaratu du

Euskalerria Irratia 2017ko mai. 17a, 08:16

Jakintza-adar horrek historiaurreko klima aztertzen du, etorkizunean gerta litezkeen klima-aldaketa handiak aurreikusten ahalegintzeko. Bergiar ikertzaile batzuekin lankidetzan egin du.

Miroslav Zivanovic Jeremic Seinalearen Teoria eta Komunikazioak arloko irakasleak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Sailari atxikiak, paleoklimatologiari buruzko azterlan bat argitaratu du Bruselako Unibertsitate Libreko Geologia Saileko ikertzaile batzuekin batera “Geoscientific Model Development” geologiaren esparruko erreferentziazko aldizkarian. 

Paleoklimatologia historiaurreko klima eta klima-aldaketa handiak ikertzen dituen zientzia da, eta errepika litezkeen ereduak zehazten ahalegintzen da etorkizuneko gertaera garrantzitsuak –glaziazioak, esaterako– aurreikusteko. Badu lotura seinaleen prozesatzearekin ere, jakintza-adar hori mota guztietako fenomenoen eredu ia periodikoak (errepikatze-ereduak) mugatzen saiatzen baita modu sinplifikatuan.

Ikerketa-taldeko kide da Philippe Claeys belgikar geologo, planeta-zientifiko eta geokimikaria, gai horretan munduko aditu nagusietakoa dena, bai eta Matthias Sinnesael, David De Vleeschouwer eta Johan Schoukens ikertzaileak ere. Matthias Sinnesael eta David De Vleeschouwer berriki elkartu ziren NUPen Zivanovic irakaslearekin, azken bi urteetan elkarrekin egindako lanarekin aurrera egiteko.

Klima-ereduak finkatzea

Zivanovic irakasleak azaldu duenez, klima-kondizioak “idealak” izango balira, errepikatu egingo lirateke, eta, beraz, klima ere errepikatu egingo litzateke periodikoki. Ikertzaileak ohartarazi duenez, halere, aintzat hartu behar dira kanpo-faktoreak eta beste zenbait fenomeno, besteak beste, Lurraren, Eguzkiaren eta gainerako planeten posizioak, argi kantitatea eta kondizio astronomikoak. Horrenbestez, oso zaila da eredu bat finkatzea.

Gaur egun arte, paleoklimatologia gauza izan da klima-gorabeherak ziurtasun handiz kalkulatzeko, 50 bat milioi urteraino atzera eginez. Jacques Laskar zientzialariari zor diogu hori, hark ezarri baitzuen eguzki-sistemaren dinamikaren eta Lurraren klimaren arteko erlazioa ezartzen duen eredu matematikoa. Haatik, eredu horrek ez du balio iraganean atzerago egiteko, eta beste froga geologiko batzuk (fosilak eta abar) erabili behar izaten dituzte zientzialariek. Aldi berean, zikloestratigrafiaren arloa garatu da pixkanaka-pixkanaka, estratigrafia-segidetako klima-zikloak detektatzen eta kalkulatzen dituen zientzia-adarra.

Hurrengo erronka 500 milioi urte atzera egitea da, seinaleak prozesatzeko teknika aurreratuen bidez datu estratigrafikoak analizatuz.

Miroslav Zivanovicen curriculuma

Zivanovic irakaslea ingeniaria da Belgradeko Unibertsitatean (Serbia) eta Telekomunikazio Ingeniaritzan doktorea NUPen. Gero, doktoretza ondoko egonaldia egin zuen mundu mailan punta-puntako teknologia duen zentro batean. Horrez gainera, Nafarroako Goi Mailako Kontserbatorioko gitarra klasikoa instrumentuaren goi-mailako titulua ere badu. Bere espezialitatea gailu elektronikoei, audioari (musika eta ahotsa) eta biomedikuntzari aplikatutako seinale-prozesatze digitala da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!