Nafarroako Kutxaren desagerpenari buruzko Ikerketa Batzordeak erabaki du Nafarroako Gobernuari eskatzea hilabetez luza dezala, maiatzaren 30era arte, Nafarroako Kutxaren gobernu organoek 2000tik 2012ra bitartean egindako aktak aztertzeko epea.
Epea luzatuz gero, onetsitako lan programa osoa aldatuko litzateke. Hain zuzen ere, otsailaren 24ko bileran, agerraldietarako eskaerak aurkezteko epearen muga maiatzaren 10ean ezarri zen orientazio gisa. Agarraldi horiek maiatzaren 15etik ekainaren 15era bitartean egitekoak ziren, eta ekainaren 30erako aurreikusten zen ondorioak aurkeztu eta lanak bukatzea. Aurreikuspen horiek guztiak egutegi berri bati lotuta daude orain, eta dudarik gabe egutegi horrek hurrengo bilkuraldira arte iraunen du, jada irailetik aurrera.
Erabaki da, bestalde, Nafarroako Gobernuko Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuari eskatzea honako organo hauen 2009-2012 bitarteko bilerei buruzko dokumentazioa paperean emateko: Auditoria Batzordea, Kontrol Batzordea, Administrazio Kontseiluko Batzorde Betearazlea, Administrazio Kontseilua, eta Izendapen eta Ordainsarien Batzordea.
Erabaki da, gainera, Ikerketa Batzordeak hala eskatuta eman diren txosten juridikoak argitaratzea.
Azkenik, Ikerketa Batzordeak erabaki du berriro jotzea Auzitegi Nazionaleko Instrukzioko 6. Epaitegi Zentralera eta beste behin ere eskatzea 16/2013 Aurretiazko Eginbideetan jasorik dauden agiri batzuk bidal ditzala, besteak beste honako hauek:
“Nafarroako Kutxako (CAN) Administrazio Kontseiluaren ondare-ikerketa dela eta Delinkuentzia Ekonomiko eta Fiskaleko Unitateak (UDEF) egindako txostena, kontseilukideekin edota haien ahaideekin egindako inbertsio-eragiketei, horien zerrendari eta zenbatekoari eta entitatearen kontuen emaitzaren gaineko eraginari buruzkoa”.
Batzordeak informazio hori eskatzea erabaki zuen 2016ko urriaren 21eko bilkuran. Dokumentazio eskaerari hein batean baino ez zaionez erantzun, gainerako dokumentuak “berehala” igortzeko eskatu du oraingoan, edo, bestela, eskaera “noizko bete litekeen” jakinarazteko.
Erabaki horiek guztiak Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta Izquierda-Ezkerraren eskariz hartu dira.
Onetsitako arauei jarraituz, 2016ko apirilaren 27an eratutako Ikerketa Batzordeak helburu du jakitea eta zehaztea Nafarroako Kutxaren eta haren Enpresa Korporazioaren nahiz lotutako gainerako entitateen jarduketak bat etorri ote ziren sorrerako printzipioekin, eta argitzea zein den desagertzearen ondorengo ondare-multzoaren gaurko egoera.