Txalo Produkzioak konpainiak 'Jainko basatiak' taularatuko du bihar

Euskalerria Irratia 2017ko mai. 2a, 14:02

Udalaren Antzerki Aroa zikloari amaiera emango zaio emanaldi honekin, 20:00etan, eta sarrerak 8 euroan daude salgai.

Txalo Produkzioak konpainiak Yasmina Rezaren Jainko basatiak taularatuko du bihar, asteazkenarekin, Nafarroako Antzerki Eskolan Emanaldia 20:00etan izango da, eta Iruñeko Udaleko euskarazko antzerki-zikloari, Antzerki Aroari, amaiera emango dio. Sarrerak 8 euroan salgai daude (5 euroan ikasle-taldeentzat), eta on-line eskuratu daitezke NAEko webgunean (www.laescueladeteatro.com) eta aurrez aurre, eskolako leihatilan bertan.

Txalo Produkzioak konpainiako Aitziber Garmendia eta Tessa Andonegi aktoreek aurkeztu dute lana gaur, prentsaurrekoan,, Iruñeko Udaleko euskara-koordinatzaile Iñaki Azkona Huércanosek lagunduta. Begoña Bilbaok zuzendu du Jainko basatiak, eta Aitziber Garmendia, Mikel Losada, Mikel Laskurain eta Tessa Andonegi dira aktoreak. Yasmina Reza idazle, aktore, eleberrigile eta dramaturgo frantziarraren antzezlan bat da, Martin Agirrek euskaratuta. Antzezlan honen film arrakastatsu bat ere badago, Polanskik zuzendua.

Jainko Basatia komedia dramatikoa da. Bi bikote ezkondu elkartzen dira euren seme-alaben arteko liskarra gizalegez konpontzeko asmotan, bikote baten semeak besteari eraso egin baitio. Baina zuzentasun behartuak gainbehera egiten duenean, frustrazio eta mixeriak azalduko dira, komedia azido bati bide emanez, egungo gizartearekin eta haren baloreekin oso kritikoa. Ane (Aitziber Garmendia) Alexen emaztea da eta banku baten egiten du lan. Emakume lasaia eta baketsua dirudi, baina alkoholaren aparretan murgiltzen denean, baldarra eta zurruna bihurtzen da. Alex (Mikel Losada) arrakasta handiko abokatu gaztea da, zintzoa, burlatia, eskrupulurik gabea eta mugikorrik izan ezean, galduta dabilen horietakoa. Xanti (Mikel Laskurain) Veronikaren senarra da. Burdindegiko saltzaile xaloa, emaztearen gonapean bizi dena, bileran lehertu eta emaztearen kontra egingo du, bere alderdi ilun eta arranguratsuak erakutsiz. Eta Veronika (Tessa Andonegi) kultura handiko etxekoandre aurrerakoia da. Zurrutada pare bat hartuz gero itxuraldatu eta erresumindu egiten da, bere frustrazio guztiak azaleratuz.

Txalo Xabier Agirrek zuzendutako Donostiako konpainia gipuzkoarra da, , euskaraz zein gaztelaniaz  egiten du lan, tokiko zein estatuko aktore oso ezagunekin. Euskadin zein Euskaditik kanpo emanaldi gehien egiten dituen euskal konpainietako bat da. La ratonera obra 2.000 alditan baino gehiagotan antzeztu zuten hiru urtetan zehar, eta konpainia bat egon zen Madrilen lan hori antzezten, eta beste bat biran. Orduz geroztik, euskarazko antzezlan txikiagoak eta urtean ekoizpen handi bat –izen handiko aktoreekin egindakoa– uztartzen dituzte. Txalok mota askotariko antzezlanak produzitu eta koproduzitu ditu (drama, misterioa, haurrendako komediak, bakarrizketak eta musikalak) eta sari ugari jaso ditu.

2007an Donostia Antzerki Saria jaso zuten, Artea antzezlanagatik, non Yasmina Reza frantziarraren lan arrakastatsuaren euskarazko egokitzapena egin baitzuten. Aurrez gaztelaniaz arrakasta handia izan duten lanak egokitzeko ildoari jarraiki, El método Gronholm lanaren euskarazko bertsioa dago.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!