Duela hamar urte Ultzamako Udala azpiegitura bultzatzen hasi zen. Handik urte betera, Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzak lortu zituen, bi bidetatik: industria inbertsioetarako eta abeltzainen ustiategien hobekuntzarako. Guztira, 2,5 milioi euro. Nafinco sozietate publikoak (gaur egungo Sodenak) 900.000 euroko abala eman zion.
2008ko urrian, Udalak planta egiteko eta kudeatzeko kontratua Levenger, SL enpresari eman zion. Handik bi hilabetera, abeltzainen kooperatiba batek, esleipena jasoa zuen enpresak, zonaldeko beste zenbait enpresak eta partikular batzuek Bioenergia Ultzama enpresa sortu zuten. Esleipendunak eta Bioenergia Ultzama enpresak esleipena azken enpresa horren esku uzteko eskatu zioten Udalari. 2009ko otsailean sinatu zen kontratua.
2014ko apirilean, Bioenergía Ultzama-k hartzekodunen konkurtsoa eskatu zuen. Udalak kontratua bahitzea erabaki zuen, zerbitzua bermatzeko. 2016ko urtarrilean amaitu zen plantaren jarduera.
Kontuen Ganberak egindako txostenak dioenez, azpiegituran 4,5 milioiko inbertsioa egin da, eta horren zati nagusia funts publikoetatik atera da.
Kontuen Ganberak udalaren jokamoldea gaitzetsi egin du, legez kanpokoa izan delakoan. Horren adibide argienetakoa da obren aurreproiektua, proiektua eta zuzendaritza hori guztia egin ondoren kontratatu zirela. Ondoren eginiko kontratuek legez kontrako jarduera bati babes juridikoa ematea zuten helburu, Udalak ez baitzituen errespetatu kontratazio publikoaren irizpide nagusiak: publizitatea, gardentasuna eta diskriminaziorik eza.
Kontratua beste enpresa baten esku uzteko prozesuan ere ez zen legea bete, eta beste horrenbeste gertatu zen enpresak eginiko azpikontratuekin ere.
Kontuen Ganberak, bestalde, enpresak eginiko ordainketa bikoitzak atzeman ditu. Milioi bat euroko faktura da, bi hornitzaileri ordainduak kontzeptu beragatik: digestatoaren gordetegia.
Bestalde, kontratazio-mahaiko bi kide proiektua egina zuen ingeniaritza enpresako ordezkariak ziren. Enpresak esleipendunak eginiko eskema batzuk sartu zituen proiektuan eta, gainera, Bioenergia Ultzama sozietatearen kapitalean eta enpresako organoetan parte hartu zuen.
Nafarroako Gobernuak eginikoaz iritzi bikoitza dago. Batetik, abalak eta baimenak ematean, eta ingurumen arloko kontrola egitean ongi aritu zen. Diru-laguntzei dagokienez, inbertsioaren zati batek laguntza bikoitza jaso zuen: Industria Departamentutik eta Landa Garapena eta Ingurumen Departamentutik.
Enpresaren gastuak, orokorrean, aurreikusitakoak baino handiagoak izan ziren, bai ustiapen gastuak nola finantzarioak. Diru-sarrerak, berriz, uste baino handiagoak izan ziren. Elektrizitatearen ekoizpena eskasa izan zen, eta lurrunaren salmentarekin beste horrenbeste gertatu zen.
Hortaz, esan daiteke Kontuen Ganberaren txostena eskuan izanda: funts publikoetatik ateratako hiru milioi baino gehiago gastatu ondoren, Ultzamako azpiegiturak hiru urte eta zazpi hilabete iraun zuela enpresaren esku, eta beste 14 hilabete Udalaren menpe. Gaur egun, planta abandonaturik dago eta enpresak hartzekodunen lehiaketa eskatua du. Ultzama eta inguruko bailaretako 24 abeltzainek (3.659 behi) lehenagoko arazo bera dute: hondakinak kudeatzeko modurik ez.