Bost hilabete joan dira Altsasun taberna bateko kanpoaldean liskarrak izan zirenetik. 2016ko urrian izan zen hura eta oraindik hiru gazte espetxean dira. Terrorismo delitua egozten die epaileak. Preso dituzte "ihes egiteko arriskua" dagoelakoan. Defentsako abokatuak eskatua zuen hiru gazte horiek askatzeko, baina, epaileak ez du eskaera hori onartu.
Elkarretaratzea egin dute beste behin Altsasuko auzian inputatuta dauden gazteen gurasoek. Iruñean egiten dituzte hamabostean behin. Oraingoan LGTBIQ eta Kattalingorri elkarteen babesa izan dute. Nafarroako Auzitegiaren aurrean egin ohi dituzte elkarretaratzeak orain arte, baina hurrengoak Sarasate pasealekuan eginen dituzte.
Hauxe, atzoko agerraldian Altsasuko gazteen gurasoen oharra:
Altsasuko auziperatuen gurasook prentsaurreko honetara deitu dizuegu ozen eta argi esateko honako hau ez dela terrorismoa, auzia Nafarroara itzul dadila nahi dugula, neurria eta zentzumena jar daitezela nahi dugula, eta gure seme-alabek berezko epailearen eskubidea izan dezatela nahi dugula.
Joan zen ostiralean Nafarroako Auzitegiak Irizpenezko Auto bat jakinarazi zuen, bertan egitateen balorazio juridiko bat egin zuen , eta ondorioztatu zuen ezin dela terrorismo delitutzat hartu “ezta zantzuz ere”. Halaber, bere burua gaitzat jotzen du iazko urriaren 15eko gertaeren instrukzioa egiteko. Argudio nagusiek iradokitzen dute ezin dela interpretazio zabalgarri bat egin eta Zigor Kodearen 573. artikuluan deskribatzen den definizioaren arabera, egitate haiek terrorismo gaitzat hartuak izateko ez daudela premiazkoak diren baldintzak. Ondorio horietara iristeko salatzaileen deklarazioetan nahiz Foruzaingoaren eta Guardia Zibilaren txostenetan oinarritzen da.
Hainbat erakundek eta adituk nabarmendu dituzten argudioak ditugu hauek, tartean errekonozimendu handiko legelari batzuenak, konparazio baterako Auzitegi Goreneko magistratu emeritu Martín Pallinek iritzi zion “auziperatzea neurriz gainekoa dela eta errealitate sozialetik kanpo dagoela” baita “ gehiegizko jardunbide judizial bat osatu dela, terrorismo delituaren larritasuna ez dakarten eraso batzuk izaki”.
Egokia da gogoraraztea Guardia Zibilaren txostenek eta Barne Ministroa zen Jorge Fernández Díaz berak ere ez zutela iradokitzen gertaera haiek terrorismo egitatea izan zitezkeenik.
Gure seme-alabak akusatzea ahalbidetzen duen Zigor Kodearen artikuluak, zalantza eragiten duen definizio bat dauka. Nazio Batuetako Giza Eskubideen kontalariek kolokan paratu dute, definizio honen inguruan diotelarik “ idatzia dagoen gisan, lege antiterroristak terrorismogai ez diren jokabideak kriminalizatzea daukala eta adierazpen askatasunaren jarduna neurrigabeki murritz lezakeela”.
Argudio hauek ekarri ditugu hausnarketara, zeren uste dugun ahalegin handia egin behar dugula oraindik auzi honetan zeresana duten entitateen, eragileen eta gizartearen baitan zuhurtzia, zentzumena eta neurria sendotzeko. Nafarroako Auzitegiak auzia berezko esparrura itzul dadila eskatu du, baina azken erabakia Auzitegi Gorenak hartuko du. Hau dela eta, dei egiten dugu orain arte egin dugun kontzientziatze, sentsibilizazio eta Justiziaren aldarrikapenaren bidean jarraitzeko.
Ezin dugu ahaztu gure semeetako hiruk presondegian jarraitzen dutela. Auto honek gure auzira esperantza itzultzeko aukera ireki digu, baita giltzapean dauden gure semeen askatasuna eskatzeko abagunea ere.
Bidea oso gogorra suertatzen ari da, gure semeak atxilotuak eta espetxeratuak izan dira. Hilabetea eman eta gero haietatik lau atera ziren. Adur, Jokin eta Oihanek,ordea, lau hilabete baino gehiago eman dute Madrileko Soto del Realeko espetxean, FIES deritzan erregimenean, kartzela barruko eskubideen murrizketa pairatzen dutelarik. Azken balorazio judizial hau bitarte, gure hiru semeek askatasuna lehenbailehen eskura dezatela eskatzen dugu.
Gure nahia hauxe da: Nafarroako Auzitegian egin dadila instrukzioa, egitateak aztertu eta argi daitezela, ustezko errugabetasuna, defentsa eskubidea eta bidezko epaiketa errespeta daitezela. Gure nahia da, gure seme-alabak sufritzen ari diren zigorra buka dadila, espetxetik lehenbailehen atera daitezela, zenbait hedabidek ez ditzatela gehiago zikindu, haien irudiak, bizitza pribatuko kontuak eta datu pertsonalak erakutsiz lotsarik gabe eta zitalki.
Gure nahia da kontu hau zuhurtziaz, zentzumenez eta arrazoiz landu dadila alderdikeriarik gabe. Altsasuko herriaren errealitatea eta egintzak ez daitezela kazeta-bazka interesatua izan. Nafarroan nahiz Madrilen saiatu gara sentsibilitate guztietako partaideekin hitz egiten. Saiatu gara suhartasunik gabe eta taxuz informazioa luzatzen. Giza eskubideen errespetua oinarri, ezberdinen arteko batasuna eta sostengua bilatu dugu. Gure herriko gizartearen batasuna hartu dugu eredu, bertan sentsibilitate guztietako lagunek beren sostengua agertu digute eta gertatutakoa terrorismotzat hartu izana salatu dute.
Hauguztia gogoan Diputatuen Kongresura joan ginen talde parlamentario guztiekin biltzeko asmoz, gure ikuspegia eta sufrimendua azaltze aldera, eskura ditugun datuen bidez informatze aldera eta haien elkartasuna eta sostengua eskuratze aldera. Pozarren gaude indar politiko ezberdinetako 88 parlamentariok eta senatarik asteazkenean aurkeztu agiria sinatu zutelako. Jaso bezate gure esker onik zintzo eta sakonena. Falta diren sentsibilitateetako kideek dokumentu honen edukiarekin bat egin dezaten, agerian zein pribatuki, lanean jarraituko dugu.
Nafarroako Auzitegiak emandako autoak geure eskarietan sendotzen gaitu, indarra eta itxaropena ematen digu. Bidea luzea da oraindik eta elkartasuna adierazi diguten erakunde eta pertsonekin eginen dugu. Hemendik Altsasuko herri osoari bihotz-bihotzez geure esker ona adierazi nahi diogu emandako laguntzarengatik. Altsasuko bizilagun, elkarte, erakunde eta mota guztietako eragileek batasuna eta indarra egiten jakin dutelako eta sekula ahaztuko ez dugun berotasun ederra erakutsi digutelako.
Altsasuko Udalari, Nafar Parlamentuari, elkartasuna adierazi duten 70 baino gehiagoko udalei, manifestu bana argitaratu dituzten 200 baino gehiagoko justizia arloko pertsonei eta kultura, kirol eta unibertsitateetako pertsonei. Sostengu-deklarazioa sinatu duten diputatu nahiz senatariei eta anonimoki bide malkartsuan lagun izan ditugun hainbeste gizon eta emakumeei.
Azkenik jakinarazi nahi dugu guztien eskura www.altsasugurasoak.com webgunea paratu dugula. Bertan orain arte gertatutako guztia biltzen da, gure argudioen zerrendaketa eta jaso ditugun sostenguak. Webgunean irakurgai den manifestu bat duzue, haren edukiarekin bat egin dezakezue eta sinatu. Orain arte lau egunetan 11.000 atxikimendu baino gehiago jaso ditugu.
Gogorarazten dizuegu mobilizazio gehiago eginen ditugula eta parte hartzeko gonbitea luzatzen dizuegu, bai herriko batzarrak deitutakoetan, bai hamabostero Iruñean egiten ditugunetan. Apirilaren bostean LGTBkoekin eta feministekin eginen dugu.
Gure aldarria beti da: EZ DA TERRORISMOA!
ADUR, JOKIN, OIHAN ETXEAN NAHI ZAITUZTEGU ORAINTXE!