Nafarroako Gobernuak 25 urtetik gorako etxebizitzak birgaitzeko % 60ra arteko laguntzak emanen ditu

Euskalerria Irratia 2017ko mar. 28a, 18:55

Etxebizitzak birgaitzeko kanpainaren irudia

Handitu egin ditu gazteei, 65 urtetik gorakoei eta ezgaitasuna duten pertsonei zuzendutako diru-laguntza portzentajeak.

Nafarroako Gobernuak 25 urtetik gorako etxebizitzetan egindako birgaitze-lanen balioaren % 60ra arteko diru-laguntzak emango ditu 2017an. Halaxe azaldu du gaur goizean Miguel Laparra Eskubide Sozialetako lehendakariordeak, Nafarroako Gobernuak datozen asteetan egingo duen gai horri buruzko publizitate-kanpaina instituzionalaren aurkezpena egiteko prentsaurrekoan.

"Alokairu soziala eta etxebizitzen birgaitzea dira Nafarroako Gobernuaren etxebizitza-politika berriaren bi helburu nagusiak, eta politika horren eragin nabarmena izango du arlo sozialean, ekonomikoak eta ingurumenaren jasangarritasunaren arloan", azpimarratu du lehendakariordeak.

Gaur aurkeztutako kanpainaren berritasunen artean, nabarmentzekoa da, batetik, handitu egingo direla diru-laguntza portzentajeak, batez ere gazteentzako, 65 urtetik gorako pertsonentzako eta ezgaitasuna dutenentzako. Eta, bestetik, jaitsi egin da diru-laguntza jaso dezakeen gutxieneko aurrekontua –6.000 eurotik 2.000 eurora–; horrela, baliabide ekonomiko gutxien dituztenek ere izango dute laguntzak jasotzeko aukera.

Neurri horiei esker, etxebizitzaren arloan herritarrentzako laguntza-neurriak ezartzen dituen abenduaren 21eko 22/2016 Foru Legeak babestutako birgaitzeen gaian jasotzen duen edukia betetzen da; pasa den abenduan onartu zuen parlamentuak lege hori.

Gazteei eta 65 urtetik gorakoei zuzendutako neurriei dagokienez, bi talde bereizten dira. IPREM indizea halako 2,5eko diru-sarrerak edo txikiagoak dituztenentzako, diru-laguntza kasu guztietan izango da % 45ekoa, eta % 50ekoa ere izan daiteke, lehentasunezko birgaitze-eremuetako esku-hartze orokorreko proiektuen kasuan.

Bestalde, IPREM indizea halako 2,5 eta 3,5 bitarteko diru-sarrerak dituzten gazteek eta 65 urtetik gorakoek % 30eko laguntzak eska ditzakete kasu guztietan, eta % 40koak lehentasunezko birgaitze-eremuetan.

Neurri horiekin, aurreko legealdian baino % 37 diru-laguntza handiagoak jaso ditzakete gazteek, eta % 5 handiagoak 65 urtetik gorakoek.

 

Ezgaitasuna duten pertsonak

% 40ko ezgaitasuna edo handiagoa duten pertsonei dagokienez, IPREM halako 2,5eko diru-sarrerak edo txikiagoak baldin badituzte, etxebizitza egokitzeko % 50era arteko diru-laguntza lor dezakete. Eta haien diru-sarrerak IPREM halako 2,5 eta 3,5 bitartekoak badira, hobekuntza-lanen kostuaren % 40ra arteko laguntzak jasotzeko aukera izango dute. Gogorarazi behar da aurreko araudiak ez zuela kontuan hartzen ezgaitasun-maila, eta kategoria hau mugimen-ezgaitasun larriak zituzten pertsonetara mugatzen zela.

Araudi berriak baldintza eta ezaugarri bereziak dituzten berariazko beste kolektibo batzuei bideratutako diru-laguntza portzentajeak handitzea ere jasotzen du. Horrela, kategoria bereziko familia ugariek birgaitze-lanen % 4ko diru-laguntza gehigarria jasotzeko eskubidea izango dute. Kategoria orokorreko familia ugariek, berriz, % 2ko diru-laguntza gehigarria izango dute. Genero-indarkeriaren eta terrorismoaren biktimek ere % 2ko diru-laguntza gehigarria jasoko dute. Eta Errenta Bermatua kobratzen dutenek, % 5eko aparteko diru-laguntza.

Energia-eraginkortasuna

Halaber, lege berriak diru-laguntza jaso dezaketen energia-eraginkortasuna sustatzearekin lotutako bi jarduketa berri jasotzen ditu. Batetik, eraikin zentralizatuetako instalazio termikoetan hobekuntzak eginda energia-eraginkortasuna hobetzeko lanak; aurrekontuaren % 40ko diru-laguntza lor dezakete, etxebizitza bakoitzeko 6.000 euroko gehienezko zenbatekoarekin.

Bestalde, barne-instalazioa eraztuntzeko lanak, hori denean etxebizitzako kontsumoa erregulatzeko sistemen instalazioaren eskakizuna betetzeko irtenbidea; aurrekontuaren % 20ko diru-laguntza jasotzeko eskubidea izango dute, etxebizitza bakoitzeko 3.000 euroko gehienezko mugarekin.

Legeria berriarekin, 1980. eta 2006. urteen artean eraikitako eraikinen jabeei hedatzen zaizkie diru-laguntzak, inguratzaile termikoagatiko lanetarako, betiere 25 urteko antzinatasuna betetzen badute; urte haietan eraikinetako baldintza termikoei buruzko NBE CT 79 araua zegoen indarrean.

Praktikan, honek esan nahi du dauden diru-laguntzak eskuratzeko aukera izango dutela –behin eraikuntzek 25 urte betetzen dituztenean–, 102.000 etxebizitza gehiagok. Kasu horretan, diru-laguntzak aurrekontuaren % 40ra artekoak izango dira, etxebizitza bakoitzeko 6.000 euroko mugarekin (7.500 euro kasu batzuetan).

Zentzu horretan, esan behar da 872.294 euroko diru-laguntzak eman zirela 2014an, higiezinen inguratzaile termikoa hobetzeko; 2015ean, 656.542 eurokoak, eta 2016an, 7,28 milioi eurokoak.

Birgaitze-lanak 2016an

Nafarroako etxebizitzen birgaitzeei buruzko estatistikek erakusten duten bezala, Nafarroako 3.414 etxebizitzetan hasi zituzten birgaitze-lanak 2016an, diruz lagundu zitekeen 46.213.016,25 euroko aurrekontuarekin. 2015ean, berriz, 2.328 etxebizitza birgaitzen hasi ziren, 27.094.387,19 euroko aurrekontuarekin. 2014an, 23.964.014,70 euroko aurrekontuarekin, 1.537 jarduketetan.

Orotara, % 71 igo zen Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzen zenbatekoa 2016ean aurreko urtearekiko: 9,6 milioi euro eman zituen 2015ean, eta 16,5 milioi 2016an.

2017rako aurreikuspenak

Etxebizitza Zerbitzuko zuzendari Javier Etayok adierazi duen bezala, lehenengo hiruhileko datuek erakusten dute "2017a urte ona izango dela babestutako birgaitze-lanetarako". Izan ere, aurtengo lehenengo hiru hilabeteetan (martxoaren 24ra arte), laguntzak eskatzeko 177 espediente tramitatu dira,1.182 etxebizitzari eragiten dietenak; 2016ko aldi berean 140 espediente (743 etxebizitzatarako) tramitatu ziren. Horrek % 26ko igoera gertatu dela esan nahi du. Horrela, 5,4 milioi euroko laguntzak eman ditu Nafarroako Gobernuak, iazko aldi berean baino % 46 gehiago; 3,67 milioi euro pasatxokoa izan zen orduan diru-laguntzen zenbatekoa.

Egindako zenbatespenen arabera, Etxebizitzari buruzko Foru Lege berriari esker, birgaitze-lanei egiten zaien bulkadak urtero 1.300 enplegu mantentzea eta sortzea ekar lezake.

Azkenik, Laparra lehendakariordeak nabarmendu du azaldutako datuek erakusten dutela "lege berriak ondorio positiboak dakartzala, eta argi uzten dutela birgaitzeak ondo suspertzen ari direla". Kanpaina honekin, eragin positibo hori are eta gehiago handitzea lortu nahi dugu, herritarrei informazioa eskainita eta birgaitzearen bidea hartzera animatuta", adierazi du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!