Korralito forala: Nafarroa, kristaua Kristo aurretik

Euskalerria Irratia 2017ko mar. 23a, 13:23

Ivan Gimenezen Corralito foral liburu arrakastatsua irratsaio bihurtu dugu Euskalerria Irratian, Nafarroako eliteen azken 80 urteak aztertzeko asmoz. Aste honetan, hitz egin digu.

Honatx Gimenezek aste honetan ibili duen gidoia:

Nafarroa, kristaua Kristo aurretik. Eliza zapaltzailea: gorrien kabitik gizarte neokonfesionalera

 

 “Ez duzu hilko, salbuespenak salbuespen”

(Víctor Mañú, Obanoseko apaiza 1936an)

“Lasai, Yolanda, prozesioetara joaten utziko dizugu

(Miguel Sanzek esana, UPNko batzorde politikoan, 2013an)

1. Nafarrok gure aurreiritziei hobekien egokitzen den patroia hauta dezakegu. Beraz, San Fermin unibertsala dela jakinda, Euskal Herriko (Aralarko Mikel Deuna) ala Nafarroako (Xabierreko Frantzisko) patroien artean dago lehia: aralartzaleak edo javieranoak izan gaitezke. Javieranoen artean ez dira egonen AHTren aurkako militanteak edo bertsozaleak, edo euskararen aldekoak... Alta, aralartzaleen artean ez dugu jotazaleak edo Itoitzeko urtegirik aldeko nafarrik aurkituko.

2. Zoritxarrez, ez Xabierreko Frantzisko ez Aralarko Mikel Deuna ez dira agertuko euren iritziak emateko. Hala ere, erantzuna ez dago iraganean, baizik eta etorkizunean. Zer dugu nahi haiek izatea? Nola egokitzen ditugu interesatzen zaigun Nafarroara? ¿Nola erabiliko ditugu nafarron pentsamoldea gure nahierara diseinatzeko? Gogoratu: reketek Aralarko aingerua paseatzen zuten garaipena eskatzeko eta Xabierreko Frantziskoaren senideek Nafarroako independentziaren alde borrokatu zuten. Kontraesanak?

3. Gaurko xabierraldiak nabarrismo osasuntsu eta apolitikoaren ikurra dira, ezbairik gabe. Parte hartzen dutenek ez dakite lehengo edizioa 1940an egin zutela Jaungoikoari eskerrak emateko Gerra Zibila irabazteagatik. Reketeak eta falangistak ziren: Del Burgo, Zubiaur (UPN sortuko zuena), Baleztena, Sanz Orrio. Orduko apezpikuak zion: “1936ko uztailaren 19a xabierraldi erraldoia eta probidentziala zen”. Beste moduan esanda: Gerra Zibilik gabe, gaur ez leudeke Xabierraldirik izanen. Zertara zoaz (goaz) Xabierrera?

4. 1982ko azaroaren 6an, Juan Pablo IIk miraria gauzatu zuen  Xabierren: metro karratuko 11 fededun baselizaren aurrean! 16 urte lehenago, Diario de Navarrak zion: “Gaurko xabierraldietan uztailaren 19ko gurutz eta banderak daude oraindik...”. Frogatuta geratzen da, orduan, zertan oinarritzen den XXI. mendeko ohitura erlijioso-kirolari hau: Gerra Zibilean, krimenetan azken finean. Eta gaurko erromesek unean uneko artzapezpiku eta korralito foralaren politikarien alde egiten dute, nahitaez, ohartu gabe agian.

5. 1936an apezpikua zen Marcelino Olaechearen hitzak: “Apaizak gerrara joan dira; armak hartu dituzte ausardia eta determinazio osoz. Gerra Santua da”. Kaparrotsu eta Karkareko apaizek pulpitotik zioten: “Eroriko den gutar bakoitzagatik, dozenaka eroriko dira besteak”. Santos Begiristain, Azagrako apaiza eta Obanoseko Misterio antzezlana bultzatuko zuena, haratago zihoan: “Garia eta lastoa bereizteko ordua iritsi da”. Atsotizak dioen bezala: “Gaztelu plazan apaiza, militarra eta zakurra beti ikus daitezke”.

Ez dago harritzerik: Nafarroa kristaua zen Kristo aurretik ere.

6. Frankisten aldekoak ez ziren apaizak errepresaliatuak izan ziren (Lekarozko kaputxino asko, adibidez) edo erahilak (Pitillas eta Kasedakoak). Elizgizon guztiak ez ziren berdinak, beraz. Eta ondorengo frankismopean hori frogatu zen 60ko hamarkadatik aurrera: Nafarroan, ezkerreko mugimendu klandestinoak jaio ziren Apaizgaitegitik iheseko ikasle eta apaiz ohien eskutik. 1972an, gobernadore zibilean oso garbi zeukan: “Parrokiak propaganda marxistoidearen zentroak dira”. Handik gutxira, apaiz nafar batzuk espetxeratu zituzten, langileen alde egiteagatik.

7. Transizioa gaindituta, 1993an artzapezpiku berria bidali zuten Nafarroara: Fernando Sebastián. “Ordena jartzera etorri naiz” iragarri zuen. Apaiz ezkertiarrak sakabanatu zituen eta instituzio garrantzitsuak Opusen eskuetan utzi zituen. 2006an, trikornio bat jantzi zuen, Guardia Zibilarekin bat egin zuela azpimarratzeko. Falangeren aldeko botoa eskatzera iritsi zen, eta kargua utzi ondoren Koalizio Handiaren profeta bihurtu zen: “PP eta PSOE ez dute liskarrean ibili behar”.

8. Azken urteetan, gizarte neokonfesional batean bizi garela dirudi: abortoa debekatuta egon da urte luzez, eta herri gehienetan alkate eta zinegotzi askok (ezkertiarrak barne) prozesio eta mezetara joaten dira jaietan, inolako kontraesanak adierazi gabe: Bost Zaurien Botoa, Aralarko aingeruaren bisitak... Laikotasunari bizkarra emanda, tradizioaren izenean Elizaren aldeko hautua egiten da. Eta hau guztia bere pribilegioen talaitik zelatatzen... Opus Dei dago.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!