Nafarroako Parlamentuak begi onez ikusten du ETAren armagabetzea

Euskalerria Irratia 2017ko mar. 20a, 13:45

Armagabetzea "bermeekin, segurua, behin betikoa eta egiaztagarria" izatearen alde azaldu dira Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra, akordio programatikoan jaso zuten gisan. "Barkamena eskatzeko" exijitu diote UPNk eta PPk ETAri.

Armagabetzea "bermeekin, segurua, behin betikoa eta egiaztagarria" izatearen alde azaldu dira Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra, akordio programatikoan jaso zuten gisan; dena dela, ez dirudi ETAren adierazpen bateraturik lortuko dutenik Nafarroako Parlamentuan. UPNk eta PPk armagabetzeaz gaindi, "barkamena eskatzeko eta irekita dauden kasuak konpontzen laguntzeko" exijitu diote ETAri; gainera, EH Bildurekin akordioa erdiesteko ere zailtasunak izanen dituztela jakinarazi dute, oraindik gaiari buruz solasean hasi ez diren arren.

Gordin mintzatu da UPNko kide Javier Esparza: EH Bilduk "hilketak, mehatxuak eta bahiketak babestu" dituela esan du, eta, beraz, ez duela haiekin negoziatzeko asmorik.

Akordio programatikoa, gakoa

Gobernua sostengatzen duten lau taldeek, aldiz, esan dute akordio programatikoan bildutakoa izan daitekeela apirilaren 8ko armagabetzearen inguruan irakurketa bateratua kaleratzeko gakoa. Bertan armagabetzea "behin betikoa eta egiaztagarria" izan dadila adostu zuten Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Ezkerrak .

Koldo Martinez Geroa Baiko parlamentariak esan du horiek bete beharreko gutxienekoak direla eta, bestalde, instituzioek ere esku hartu behar dutela armagabetzea laguntze aldera, Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari egin die erreferentzia: "legalitatea eta segurtasuna bermatuz, armagabetza izateko kudeaketetan lagundu behar dute".

Euskal Herria Bildu koalizioko ordezkari Adolfo Araizen irudiko, akordio programatikoan dagoena lan egiteko "oinarrizko tresna" da. "Positiboki baloratu behar dugu ETAren behin betiko armagabetzea"

Laura Perez Ahal Duguko kidek esan du, ilde beretik prozesua lagundu egin behar dela, eta ez trabak jarri: "Gobernuek bakearen aldeko jarrera behar dute, bidea errazte aldera".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!