Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) desgaitasun intelektuala dutenentzako espezializazio bigarren ikastaroa antolatu du, eta prestakuntza espezifikoa eskaintzen die lan trebetasunei buruz eta laneratzeko eta lanpostuan moldatzeko modua ematen dieten alderdi sozialei buruz. Ikastaroko parte-hartzaileek, gainera, trebakuntza jasoko dute Nafarroako Gobernuak iragarriko dituen hurrengo oposizio lanpostuetarako, zehazki, desgaitasun intelektuala dutenentzat gordetzen direnetarako, beharrezko diren trebetasun eta abileziak eskura ditzaten
Unibertsitatearen ikastaro hau Unibertsitate - Gizarte Fundazioak kudeatzen du, A tu lado ekimen sozialeko elkarte mikrokooperatiboaren lankidetza dauka, eta honela du izena: Curso de Especialización en Desarrollo de Competencias Personales y Sociales para el Empleo en Personas con Discapacidad Intelectual. Aurten, apirilaren 3tik ekainaren 13ra izango da ikastaroa, arratsaldez eta astean hiru egunez. Ikastaroko izen ematea Unibertsitatearen webgunean egin behar da. Iaz, hamasei lagun trebatu ziren ikastaroan, eta, aurten, proiektuak Nafarroako Kutxa Fundazioaren finantzabidea jaso du 2017ko diru laguntzen deialdian.
“Desgaitasun intelektuala dutenek lan munduan sartu behar dute beren bizitza proiektua osorik garatzeko –dio Pablo Sotés Ruiz irakasleak, zeina ikastaroaren irakaskuntza zuzendaria baita, eta Bilakaeraren eta Hezkuntzaren Psikologiako irakasle titularra NUPeko Psikologia eta Pedagogia Sailean–. Laneratze osoa eta betegarria erdiesteko, aurretik prestakuntza egokia edukitzea komeni da, ondoren ere badirauena, beharren arabera, pertsona jada lanean ari denean”.
Horrela bada, desgaitasun intelektuala dutenek beste alderdi askotan baino beharrizan gehiago aurkitzen dituzte trebetasun sozialen inguruko prestakuntzan, eta “hura hobetzen badute modua edukiko dute era egokiagoan moldatzeko eta laneko eta gizarteko beharretara hobeki egokitzeko”, Sotésen esanetan.
Horretaz gainera, “desgaitasun intelektuala duenak prestakuntza espezifikoa behar izaten du zenbait lan alderdiri buruz, enplegu bat erdiesteko modua eta bere zereginei konponbide eraginkorra emateko bidea emanen baitio, baita informazioa ere inguruko gizarte eta lan inguruaren oinarrizko alderdiei buruz”, gaineratzen du irakaskuntza zuzendariak.
10 kredituko ikastaroa
Ikastaro hau Lanbide Heziketako programa ohiko edo espezifiko bat egiten ari diren edo egin duten eta desgaitasun intelektuala duten pertsonentzat da. Hamar ECTS kreditu ditu, eta kreditu bakoitzari 25 orduko lan karga dagokio.
Ikastaroa hiru modulutan egituratzen da: lan trebetasunak, interakzio sozialeko trebetasunen garapena eta autonomia sozialeko trebetasunak. Landuko diren gaien artean daude, esaterako, enplegurako sarbidea izateko behar diren dokumentuak nola prestatu, lana bilatzeko teknikak, lan merkatuari buruzko ezagupena edota nola prestatu elkarrizketa bat eta administrazio publikorako oposizio bat.
Ikastaroaren irakaskuntza koordinazioa Nafarroako Unibertsitate Publikoko Psikologia eta Pedagogia Saileko bi irakasle elkartuk hartu dute beren gain: Mª Jesús Álvarez Urricelqui Psikologiako doktoreak eta Imelda Buldáin Zozaya Pedagogiako lizentziadunak. Irakasleen klaustroa aurretik aipatu hiru irakasleek eta beste hauek osatzen dute: Miriam Alli (desgaitasun intelektualaren arloko espezialitatea duen pedagogoa eta gizarte hezitzailea) eta Diego González (Lehen Hezkuntzako Irakasletzan graduatua eta aditua adimen emozionalean).
Interesdunek “online” eman behar dute izena Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean. Informazio gehiago behar izanez gero, deitu edo idatzi Unibertsitate - Gizarte Fundazioaren Prestakuntza Arlokoei. Telefonoak: 948 16 9770 eta 948 16 9813, eta helbide elektronikoa: fundacion.formacion@unavarra.es; edo joan Unibertsitatearen webgunera.