Eremu mistoa zabaltzeko proposatutako Euskararen Legearen moldaketa, tramiterako onartua

Euskalerria Irratia 2017ko mar. 16a, 20:44

Eremu ez-euskalduneko 11 udalerri eremu mistoan sartzearen alde egin dute aldaketaren aldeko lau indarrek Parlamentuan. Prozesu honetan udalerri  gehiago sar litezke, hala eskatuz gero. 

Behin betiko eztabaida eta bozketaren zain, zantzu guztien arabera, eremu mistora igarotzeko aukera zabalduko diete eremu ez-euskalduneko 11 udalerriri: Abaigar, Aibar, Ameskoabarren, , Antzin, Artazu, Cabredo, Zirauki, Mendigorria, Murieta, Villatuerta eta Zuñiga.

Unai Uhaldek (Geroa Bai) aurkeztu du mozioa. Bere hitzetan eremu mistoa zabaltzea "normalizazioaren bidean eginiko urrats bat dela: "Urrats txikia dela diote batzuek. Izan liteke. Baina garrantzitsuena da urrats bat dela norabide onean". Moldaketak honek herritarren borondatean oinarria duela nabarmendu zuen. "Euskararen alde emaniko pausorik txikienaren aurrean ere, espantuka eta builaka hasten dira UPN eta PP, baina diskurtso hori agortua dago; errealitateak osoko zuzenketa egin dio inposizioaren diskurtso faltsuari".

Dabid Anautek (EH Bildu) nabarmendu zuen eremu ez-euskalduneko 11 udalerriek eginiko eskaera ez dela mugatzen eremu mistoan sartzera: "Udalerriek bi aldarrikapen egin dituzte: alde batetik, Nafarroa osoan ofizialtasuna ezartzeko eta zonifikazioa gainditzeko eskatu dute; bestetik, ofizialtasuna bermatzen ez den bitartean eremu mistoan sartzeko galdea egin dute. Hortaz, eskaera nagusiari heldu beharko genioke, denbora galdu gabe". Hala ere, onartu egin dute proposamena, "txikiak izan arren, irabaziak ekarriko dizkielako udalerri horiei".

Laura Perezek ere (Ahal Dugu) aldaketaren gabeziak nabarmendu ditu: "Oso motz gelditzen da aldaketa hau. Zergatik ez diegu aukera ematen, adibidez, eremu euskaldunera pasatzeko? Honen aurrean, errealitate soziolinguistikoaren argudioak ez du balio, eremu ez-euskalduneko herritarrei inoiz ez zaielako baliabiderik eskaini euskara ikas dezaten".

Jose Miguel Nuinek (Ezkerra) "logikotzat" jo du erabakia udalerrien esku uztea. Zonifikazioaren eztabaidari dagokionez, berretsi du edozein aldaketak "aintzat hartu beharko duela Nafarroako pluraltasun soziolinguistikoa".

Proposamenaren kontra bozkatu dute UPNk, PPk eta PSNk.

UPNk eta PPk inposizioaren diskurtsoa haizatu dute berriz ere. "Pixkanaka-pixkanaka, eremu ez-euskalduna desagerrarazi nahi duzue, administrazioko langileek euskaraz hitz egiteko beharra izan dezaten. Hortaz, langile euskaldun gehiago kontratatu beharko dira lan deialdi publikoetan. Eta horrek izen bat dauka: inposizioa", esan du Carlos Garcia Adanerok (UPN).

Ana Beltranek (PP) hitzez hitz errepikatu ditu atzo Euskara Administrazioan Arautzeko Dekretuaren eztabaidan esandakoak. "Noiz konturatuko zarete errealitateaz? Nafarrek aukera izan dute euskara ikasteko, eta ez dute ikasten. Nafarrek ez dute euskara nahi, ez euren eguneroko bizimodurako, ezta lanerako ere. Hori da errealitate bakarra".

Harridura handiagoa sortu du PSNren jarrerak. Duela zazpi urte, 2010ean, eremu ez-euskalduneko lau udalerri eremu mistoan sartzearen alde egin zuen. Orain, berriz, UPN eta PPrekin lerratu da, ezezko jarreran. "Bide orri argi baten azken urratsa da hau. Ikurren legea, euskararen dekretua, euskararen plan estrategikoa... Euskara ofizial bihurtzeko estrategiaren parte dira denak", esan du Inma Juriok (PSN).

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!