Iruñean errealitate bihurtuko diren zortzi proiektu

Euskalerria Irratia 2017ko mar. 13a, 08:13

Denda naiz programaren bidez, zortzi negozio saritu dituzte Iruñeko Udalak eta CEINek.

Iruñeko Udalak eta Nafarroako Enpresen eta Berrikuntzaren Europako Zentroak (CEIN) 13 ekintzailek proposatutako zortzi negozio-ideia aukeratu dituzte, zeinek laguntza ekonomikoa, aholkularitza eta prestakuntza jasoko duten, Iruñean errealitate bihur daitezen. Zortzi dira Denda Naiz-Soy Comercio programaren edizio berri honetarako aukeratutako proiektuak. Iruñeko Udalak sustatu du ekimena, CEIN sozietate publikoarekin elkarlanean, xede harturik  Iruñean saltoki bereziak martxan jartzen laguntzea.

Denda Naiz-Soy Comercio programaren bigarren edizio honek 32 hautagaitza jaso ditu, 53 pertsona inplikatzen zituztenak (24 gizon eta 29 emakume). CEINeko batzorde teknikoak eskabideak baloratu eta aurre-aukeraketa bat egin du. Hartara, irizpideak betetzen zituzten 13 negozio-proposamen aurre-aukeratu ditu. Ekintzaileek atzo, ostegunarekin, proiektuak epaimahaiaren aurrean defendatu zituzten –Iruñeko Udaleko, Nafarroako Gobernuko, CEINeko, Nafarroako Rural Kutxako eta hiru establezimendu mentoreek osatzen dute–, eta azkenik epaimahaiak 8 aukeratu ditu programan parte hartzeko.

Aukeratutako 8ak gaur goizean egindako ekitaldian jakinarazi dira. Aurkezpen-ekitaldian parte hartu dute Tokiko Ekonomia Jasangarriko zinegotzi ordezkari Patricia Peralesek, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Nafarroako Gobernuko Zerbitzuko zuzendari Margarita Cuelik, Enpresak sortzeko Alorraren CEINeko arduradun Pilar Tellecheak eta Nafarroako Rural Kutxako ordezkari Javier Zaldúak. 8 proiektu parte-hartzaileei hiru gauza eskainiko zaizkie: proiektua azkartzeko berariazko programa, CEINek emana; aholkularitza, establezimendu kolaboratzaileen eskutik; eta 1.250 euroko diru-zuzkidura bat proiektu bakoitzeko, Nafarroako Rural Kutxak emanda.

Prestakuntza-prozesua martxoaren 14an hasiko da eta maiatzaren 31n bukatuko. Ondoren, ekainean, aldi baterako Pop Up Store delako establezimendu batean, partaideek hiri-ingurune batean  aurkezten ahalko dute beren negozioa. Irailean eta urrian, proiektuen ibilbidearen segimendua egingo da, eta programari urte amaieran buru emango zaio.

Programa honekin, Iruñeko Udalak  tokiko merkataritza lagundu nahi du,  hirian sektore  erreferente eta estrategikoa den aldetik. Programa merkataritzan eta ostalaritzan berrikuntza eta lehiakortasunaren hobekuntza sustatze aldera Udala abiatzen ari den neurrien testuinguruan kokatzen da. Programa honen bidez, orobat, merkataritza txikiaren erabilera sustatu nahi da, bai eta zubilana egin ere egun dauden denden eta sektoreko ekimen berrien artean.

Aukeratutako 8 proiektuak

Aukeratutako proiektuak era askotakoak dira: oinaren klinika bat, begano zein begetarianoendako denda bat, paziente onkologikoendako aholkularitza integraleko zentro bat, artisau-produktuen lantegi bat, eta abar. Aukeratutako ekintzaileen profila ere askotarikoa da: 13 ekintzaileetatik zortzik lanpostu bat dute eta bost lanik gabe daude. Ikasketa mailari dagokionez, bostek oinarrizko ikasketak dituzte, bik LH edo Batxilerra ikasi dute, hiruk unibertsitate ikasketak dituzte eta beste hiruk master, graduondo edo doktore titulua dute. Jatorriari dagokionez, hamar Iruñekoak dira; bi, Tafallakoak, eta azkena, Zizur Nagusikoa.

Hona hemen Denda Naiz-Soy Comercio programan parte hartzeko aukeratu diren 8 ideiak:

- Veggiekatessen. Begano zein begetarianoei zuzendutako gertuko denda txiki bat, gero eta handiagoa den eskaerari erantzuteko. Egileak: Mikel Xabier Ezcaray Oroz eta Roncesvalles Calvo Urroz.

- Estudio Boba. Lan-grafiko eta -artistikoetarako estudioa, bertan proiektuak gauzatzeko eta, aldi berean, esparru txiki bat eskaintzeko, artisau-ekoizpen propioak salgai jartzeko. Egilea: Mónica Revenga Pinto eta Ainhoa Ruiz Corretgé.

- Oinaren klinika integrala. Ortopediako eta podologiako diziplina anitzeko zentroa. Zerbitzu horien arteko elkarreragina beheko gorputz-adarrei dagokien patologien eta oinetako gaixotasunen diagnostikoa, pronostikoa eta tratamendua egitera bideratuko da. Egilea: Ana Sans Castellví.

- Caipo Santa Inés, Paziente onkologikoendako aholkularitza integraleko zentroa. Paziente onkologikoendako aholkularitza integrala, hala nola kosmetika naturala, lentzeria, kirurgia-ondoko soluzioak, kirol- zein jolas-jarduerak. Egilea: Roberto Díaz Cuesta.

- Magdabuenas. Artisau-produktuen, barkilloen eta madalenen lantegia. Egileak: Ignacio Rodríguez Hernández eta Ángel María Matute Ibáñez.

- Nova Era Música Exchange. Lehen eta bigarren eskuko musika tresnen salmenta. Egileak: David Arredondo Gómez eta María Munárriz Arrieta.

- SISSUS. Concept Store bat, diziplina anitzeko gunea, , diseinuko produktuak saltzeko (moda, osagarriak, jostailuak, etab.) eta jardueretarako eta erakusketa ibiltariendako gunea, kontsumo jasangarriko esperientzia bat sortzeko helburuarekin. Egileak: Ana eta Miren Osés Villanueva.

- Miligramos. Elikadurako produktu natural eta ekologikoen solteko salmenta, betiere ongizatera eta osasunera begira. Kafetegi txiki bat ere egongo da, non salmentan dauden produktuak dastatu ahalko diren, eta artisau-ogien lantegi bat. Egilea: Ana Navarcorena.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!