Cristina Altuna (UPN): “D ereduaren eskaera ez zen esaten zen bezain handia”

Euskalerria Irratia 2017ko mar. 7a, 14:24

> "El guardian invisible (Zaindari ikusezina) ikustera joanen naiz, polemika guztiak alde batera utzita".
> "Nafarroako erakundeetan ikurrina jartzea Nafarroako banderaren aurkako errespetu falta da".
> "Gobernuari maiz entzun diogu legea betetzeko dagoela, eta 8 ikasle baino gutxiagorekin D ereduko lerroa sortuz ez du betetzen".

Aho bilorik gabe baina hitzak neurtuz. Halaxe mintzatu da gaur goizean UPNko parlamentari euskaldun Cristina Altuna Metropoli Forala saioan.

Ikusiko al duzu El guardián invisible (Zaindari ikusezina)?

Hiru liburuak irakurrita ditut. Gustatuko litzaidake, batez ere, ikustea nola islatu den liburua zineman. Krisi guztiak eta polemika guztiak alde batera utzita.

Miren Gaztañagak Euskalduna naiz, eta zu? Saioan egindako adierazpenaren kontura, filmari boikot egitera deitu dute.

Horrelako erreakzioak moteldu behar dira, behintzat politiko eta pertsona publiko garenok. Polemikak eztabaidatu behar dira, baina zentzuz. Zentzuz bota behar ditugu gure iritziak. Sare sozialak nahiko beroak izan daitezke. Miren Gaztañagak barkamena eskatu du agiri baten bitartez. Pertsonei barkamena eskatu ahal izateko epe hori eman behar zaie.

Saioa ikusi al duzu?

Ez dut osoa ikusteko aukerarik izan. Gustatuko zitzaidan, baina EITBk webgunetik kendu du. Ailegatu zait hamar minutuko tarte hori, eta beste asko.

Zer iruditu zaizu?

Harrituta gelditu nintzen. Ez zitzaidan batere gustatu, batez ere  gogorrak diren iritziak jaurtitzen dituztelako. Gero esan da umorea dela. Agian hori izan zen intentzioa, baina badira puntu batzuk serioki eztabaidatu behar direnak, eta horrelako programa bat egitea iraingarria izaten da, ikur bati buruz eta herri oso bati buruz horren arinki hitz eginez gero. Ez zait gustatzen inori buruz halakoak esatea.

Baina zenbait telebista saio eta pelikulatan molde bereko umorea eta estereotipoak erabili izan dira euskaldunon kontura.

Nik ez dut ikusi inoiz halako programa bat euskaldunei buruz edo beste herrialdeei buruz. Agian badago halako programa bat, baina nik neuk ikusitakoaz ari naiz. Umorean hala babesten bagara, oso ideia arriskutsuak jaurti ditzakegu. [Hazte Oir plataformaren] autobusaren kontuarekin sekulako polemika izan zen joan den astean. Umorez egin izan balute beste modu batez ikusiko genuen? Niri ez zitzaidan gustatuko. Umorea ere kontuz landu eta aztertu behar da.

Atzo Mahai eta Eledunen Batzarrean, Garcia Adanero eledun erregionalistak polemika hau Nafarroan ETB ikustearekin lotu zuen.

ETB ikusteko eman diren pausuak askotan legearen kontrakoak izan dira. Gobernuaren partetik, legearen kontra jokatzea baimendu da. Eta hori gertatu eta gero, ETBk halako mezuak zabaldu ditu.

ETB ez litzateke ikusi beharko Nafarroan?

Pausu legal guztiak betez gero, legea errespetatuz gero, bai. Baina kasu honetan sekulako polemika mediatiko bat izan genuen, errekurtso judizialak ere egin ziren salatzeko Gobernuak eman zituen pausuak legearen kontrakoak zirela, eta azkenean hori isildu da. Helburua ona izan daiteke, baina eman diren pausuak ez.

EITB EAEko telebista publikoa da. Han, inork ez du jo auzitegietara. Hemen, PPNk eta UPNk bide judiziala zabalduko duzue. Zergatik?

Kasu honetan ikusten dugulako epaileek esan behar dutela oinarrian gorroto delitu bat dagoen ala ez. Entzuten diren iritziak, programa nola dagoen editatuta ikusi eta gero, ikus daiteke oso mezu gogorrak entzuten direla. Ikusi beharko da gorroto mezuak diren ala ez.

Irudiko luke UPN, batez ere, halako kontu identitarioen gainean egiten ari dela oposizioa.

Azkenean beti gaude horretan. Guk egiten ditugun erreakzio guztiak Gobernuaren kudeaketaren ondorio dira. Lehen pausua Gobernuak egiten du, eta gu atzetik joaten gara. Baina arazoak ez ditugu guk sortzen.

UPNko buru Javier Esparzak behin eta berriz salatu du ikurrinaren inposizioa. Parlamentuko gehiengoak onartu du udaletan gehiengoak erabaki ahal izatea ikurrina jarri ala ez, beste banderak ukitu gabe. Non dago inposizioa?

Agian galdera beste modu batez planteatu beharko zen. Askotan entzun dut ikurren legea baztertzailea zela, eta ez zela errespetatzen Nafarroaren aniztasuna. Asko pentsatu eta gero, nire buruari egiten diodan galdera da ea munduko zein ikurren legea ez den baztertzailea. Nik Frantzian bandera bakarra ikusten dut. Eta Alemanian beste bat. Banderak jendea ordezkatzen duten ikurrak dira. Eta legeak zehazten du zein den bandera hori. Nafarroan badugu ikur bat, bandera bat, eta askotan askok hori ez dute errespetatzen. Errespetu falta hori nondik dator? Bakoitzak bere etxean ikurrina jartzearen aurka ezin dut egin. Baina instituzio batean ikurrina jartzea errespetu falta bat da Nafarroaren banderaren aurka.

Baina gehiengoak erabakitzen badu ikurrinak ere tokia duela hainbat nafarren gogoko delako, non dago errespetu falta?

Hasteko, gauzak aldatzeko legeak aldatu beharko litzateke. Kasu honetan, lege bat indargabetu behar dute, baina horretaz gain lege berria egin beharko litzateke, eta denok parlamentuan bozkatu ea Nafarroako ikurra ikurrina den ala Nafarroako bandera. Bestalde, beste erkidegoetan ez da hau gertatzen. Inon ez dira onartzen bi bandera.

Javier Esparzak Agoizko alkate zelarik biak eduki zituen hainbat urtez.

Horren berri eman dute, baina ez dute aipatu garai haietan bizi izan zen presioa, alkate askok sufritzen zuten mehatxua. Orain egoera ezberdina da, baina itsusia da garai haietaz hitz egitea hori aipatu gabe. Gainera, Esparza izan zen ikurrina Agoiztik kendu zuen alkatea, Ikurren Foru Legea onartu zenean.

Baina egun, udalbatzaren eraketa ikusita, bistan da agoizko gehienek ikurrina nahiko luketela.

Nik sentimenduen kontra ezin dezaket ezer esan. Baina Ikurren Legearen inguruan eztabaidatzean sentimenduak sartzeak sekulako arazoak ekar ditzake. Euskaldunen sentimenduak errespetatzea erabakitzen badugu, hemen bada Aragoiko eta Errioxako jende asko. Edo hainbatek Marokoko bandera senti dezakete propiotzat. Sinbolo horiek guztiak sartu behar ditugu erakunde guztietan?

Ez, gehiengoak ikur hori propiotzat duen erakundeetan soilik.

Eztabaida hauek beste inon ez dira izaten.

Aurrematrikulazio datuak zer iruditzen zaizkizu?

Eskaera ez zen esaten zen bezain handia. Eta bi herritan, Allon eta Antzinen, D eredua ireki behar dute gutxieneko ikasle kopurura iritsi gabe. Kontuan hartzeko moduko datuak dira. Ez dakit ze kostu ekarriko dion Administrazio Publikoari.

Bi herriotan eskolak txikiak dira, eta ikasleen erdiak baino gehiagok eman dute izena D ereduan.  

Gobernuari askotan entzun diogu legea betetzeko dagoela. Eta 2016an gobernu honek onartutako foru agindu batek zehazten du D ereduko lerro bat zabaltzeko gutxienez zortzi ikasle behar direla. Horren kontra joatea… Zein kasutan eginen duzu horren alde eta zein kasutan ez? Legearen aurkako halako jokabide subjektiboekin arazoak sor daitezke etorkizunean.

Aurrematrikulazio kanpainan, Alberto Catalan parlamentari erregionalistak esan zuen UPN gobernura itzuliz gero, legearen araberako eremu ez euskalduneko D ereduko lerro berriak itxiko dituela. Ez dirudi gurasoei askatasunean erabakitzen uzteko modurik hoberena.

Ikusi behar dugu egoera nolakoa den kasu bakoitzean. Etorkizunean gustatuko litzaidake zentzuz jokatzea. Dagoen egoerarekin zaila da, baina etorkizunean zentzuz eta proportzio batekin jokatzea gustatuko litzaidake. Eta proportzio hori errespetatzea. Batzuetan helburuak onak direla pentsa dezakegu, baina sustengu legal bat izan behar dute, bestela sekulako segurtasunik eza judiziala eta soziala eragiten dugu.

Esparzak inposizioa aipatu du alor honetan. Baina besterik gabe Nafarroa osoan eredu guztietan ikasteko aukera ematen da. Non da inposizioa?

Inposizioaz hitz egiten dugunean helburua ez da euskara zikintzea. Argi utzi nahi dut hori. Kontua da Hezkuntza Departamentuan diskriminatzaileak diren ekimenak ikusi ditugula. Adibidez, kanpaina informatiboan D ereduari lehentasuna eman zaio. Eta leku batzuetan D ereduan bi eskabide egin ahal izan dituzte, Nafarroako Kontseiluaren irizpideen aurka. Edo D eredua hautatzen duten eremu ez euskalduneko haurrei garraiorako laguntzak ematen zaizkie…

UPNrekin, D eredua ez zen Nafarroa osoan eskaintzen, patio estalirik gabeko Iruñeko ikastetxe publiko bakarrak D ereduko bi ziren, D ereduko Biurdana institutua masifikaturik zegoen… Benetan iruditzen zaizu ikasle ez euskaldunak bazterturik daudela? Ikasle euskaldunen eskubideak aitortzeak ez du zertan ekarri erdaldunen eskubideak urratzea.

Gauzak hobetzeko gaitasuna eta beharra dugu. Baina ez litzaidake gustatuko eztabaida horretara eramatea: hau gertatu delako hau egiten dut. Irrati honetan entzun nuen Hezkuntzako zuzendari nagusia [Perez Elorza] esaten bere helburua zela euskara zabaltzea. Agian okertuta nago, baina nik uste nuen helburua zela euskara mantentzea eta zaintzea, eta euskaraz ikasteko aukera edukitzea. Orain arte hori bazegoen.

Bultzatzea ere zilegia da: Europako Hizkuntza Gutxituen Kartak hala dio, eta Espainiako Gobernuak sinatua du.

Azkenean hemen eskubideak bermatuta zeuden orain arte ere, eta zentzuz jokatzea gustatuko litzaidake…

[Goizeko 10:00etako albistegia eskaini ahal izateko, erantzuna eten behar izan dugu]

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!