Foru Gobernua babesten duten lau alderdiek, kode Penalaren artikulu bat modifikatzeko eskaera erregistratu dute Parlamentuan. Hala, legebiltzarrak eskaera bera Gorte Orokorretara eramatea nahi dute Kode Penaleko artikulu bat modifikatzeko.
Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak mozioa erregistratu dute parlamentuan, legebiltzarrak berak Gorteei eska diezaieten Kode Penaleko 573. artikulua aldatzeko ahalik eta azkarren. Artikulu hori da hain zuzen, Altsasuko gazteen kasuan, erabiltzen ari direna, terrorismo delitutzat hartzeko, Altsasuko taberna batean goizaldean izan ziren gertaerak. Hala, terrorismo kalifikazioa aldatzeko eskaera da jaso dutena mozio bidez.
Mozio horretan zera azaltzen dute:
ETAren mehatxua desagertu eta hilketak bertan behera utzi zituztenetik 4 urte pasa ondoren, deigarria da Espainian Kode Penalean aldaketa bat txertatzea hain zuzen ere terrorismo delituen baitan. Delitu bat egon daiteke terroristatzat hartzen dena, nahiz, talde armatu baten babespean ez izan. Herritarren artean beldurra eragiteko eta bake publikoaren aurkako edozein ekimeni leporatzen ahal zaio terrorismo delitua, aldaketa hori txertatu zutenetik.
Testu aldaketa duela gutxikoa izanda, ez dago jurisprudentziarik konstituzionalki ez eta Auzitegi Gorenekoan ere haren mugak zehazten dituena.
Nafarroako Gobernua babesten duten lau alderdiek gogorarazi dute Kode Penalaren aldaketa kritikatu dutela nazioarteko zenbait taldek, tartean, ONUk berak, Nazio Batuen Erakundeak, eskubide zibilak eta askatasun demokratikoak oztopatzen dituelakoan. Hala, terrorismoa ez diren jarrera eta jokaerak kriminalizatu daitezkeela dio organismo horrek eta adierazpen askatasuna proportzionaltasunik gabe haustea eragiten ahal dutela.
Juridikoki ere, profesional askok zalantzan jarri dute Kode Penaleko aldaketa hori.
Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak mozioa erregistratu dute, Altsasuko auzian, Carmen Lamela epaileak terrorismo delituengatik epaitzeko eskatu ostean. Lau alderdi horiek uste dute proportzionaltasunik ez duten zigor eskaerak egiten dituztela Altsasuko bederatzi gazteei. Egoera arruntean halako jokaera bat zigor penak arruntaren bidez erresolbituko litzatekeela uste dute.