Ikurren legea atzera botako dute Gobernua babesten duten lau alderdiek

Euskalerria Irratia 2017ko ots. 7a, 09:41

> 2003. urtetik abian den foru legea "murriztailea" dela uste dute Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak.
> Nafarroak berezkoak dituen ikurrak jartzeaz gainera, bestelakoak jarriz gero "zigorra" ezartzen duen legea dela salatu dute. 

2003. urteko apirilean onartu zuten Ikurren Foru Legea. Ordutik zigorrak ezarri dizkiete Nafarroakoak diren berezko sinboloetatik haratago bestelakoak ere erabili ditzuten udalei. Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak uste dute "lege baztertzailea" dela. Akordio programatikoaren jarraimendu batzordean hartu zuten erabakia eta denek uste dute beharrezkoa dela abian den ikurren legea batzerrean utzi eta "zigor edo isunik" ezarriko ez duen bat osatzea. 

Une hauetan abian den arauak zehaztu egiten du zein ikur erabili ditzaketen erakunde publikoek: Nafarroako bandera, udalarena, Espainiakoa eta Europakoa. Besterik erabiltzea arau hori haustea litzateke, zehazki 4. puntua: "Foru Leeak jasotzen ez duen sinbolorik edo legea bera kontraesanetan jartzen duen sinboloen erabilera baliogabea izanen da". 

Jakina da Ikurren Legeak arazoak sortu dituela zenbait udalen baitan arauak jasotzen dituen derrigorrezko lau banderetatik haratago, beste bat zintzilikatu dutelako. Ikurriña balkoian jartzeagatik jaso dituzte zenbaitek isunak. Herritar eta udal askok "bere" sentitzen duten ikurra dela nabarmendu dute. 

Beste lege bat osatzea, xede

2003. urteko Sinboloen Legea bertan behera uzten dutelarik, beste bat osatzea da xedea. Horretarako, parte hartze prozesua jarriko dute martxan. "Identitate guztiak kontuan hartuko dituen" lege bat osatzea da helburua eta hori lortzeko herritarren ideiak jasoko dituzte. 

Testu alternatibo bat sortzeak arriskua ere badakar: PPren Gobernuak helegitea jar diezaioke Auzitegi Konstituzionalean eta behin behinean bertan behera gelditzea. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!