'Nafarroa errefuxiatuekin', entitateekin abian jarritako laguntza

Euskalerria Irratia 2017ko ots. 3a, 13:22

> Nafarroako Gobernuak bikoiztu eginen du errefuxiatuei laguntza emateko bideratzen duen dirua. 440.000 euroa guztira. 
> 10 entitate eta Gobernuz Kanpoko Erakundeekin elkarlana abiatuko du Gobernuak. 
> Otsailean beste 22 errefuxiaturi harrera eginen dio Nafarroak. 120 izanen dira arreta eskainitakoak. 

Errefuxiatuei babesa emateko kanpaina jarri dute martxan Gobernuz Kanpoko Erakunde eta entitateek, Nafarroako Gobernuaren babesarekin.

Nafarroa errefuxiatuekin goiburua izanen du. Entitate guztien ordezkariekin, hamar guztira,  batera izan dira agerraldian Uxue Barkos Nafarroako Lehendakaria eta Miguel Laparra Eskubide Sozialetako presidenteordea.

Mina egiten dien egoera da errefuxiatuek bizi dutena. Europak ez du jakin erantzun irmo eta irtenbide egoki bat ematen. Nafarroak ere, badu erantzukizuna, neurrian, eta autokritika ere egin du Barkosek.

Hemendik aurrera, ahal duten neurrian ekin eginen dute. Hitzetatik ekintzetara pasatzeko asmoa da gaur azalerazi dutena.

Ekonomikoki bikoiztu eginen dute errefuxiatuen egoera leuntzeko bideratzen den diru-laguntza. 200.000 eurotik 400.000 eurora pasako dira.

Nafarroak errefuxiatuak hartzen segitzen du. Otsailean beste 22 etorriko dira eta duela hilabete batzuk gure artean dauden beste 96ri gehituko zaizkie.

Entitateen lana goraipatu dute Barkosek eta Laparrak. Euren zereginarekin bat egin eta laguntza eskaini diete. Laguntza ekonomiko berriarekin hiru arlotan eginen da bidea:

  1. Oinarrizko beharrak kubritzera bideratuko da.
  2. Babes juridikoa. Errefuxiatuen estatus juridikoan laguntzeko.
  3. Babes psikosoziala.

Sentsibilizazio kanpaina ere izanen da. Nafarroa errefuxiatuekin. Deia herritarrei ere, euren babesa eskaini. 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!