"Zergatik gelditu zuten? Zergatik eta nola hil zen? Zergatik ez zuten osasun etxera eraman komisaldegira joan aurretik?". Airean daude Iñaki Redin ekintzaileak gaur goizko prentsaurrekoan botatako galderak.
Horregatik, Elhadji Ndiayeren heriotza argitzeko bosgarren instrukzio epaitegian irekitako prozedura judizialean, herri akusazio gisa aurkeztuko dute beren burua Nafarroako SOS Arrazakeriak eta Afrika Batuak, "eskubideak eta betebeharrak" dituztela ulertzen baitute bi eragile horiek, “errepika ezin daitekeen larritasun handiko gertakaria izan baitzen”.
Poliziaren ekinbidea kontrolatzeko “neurriak" falta direla kritikatu eta agintari eta instituzioei "arduraz" jokatzeko eskatu diete.
Herri akusazioaren beharra
Herri akusazio gisa aurkezteko helburuak, argiak: gertaeren argitzea, "dauden froga guztien atzipenaren bitartez"; eta "Poliziaren funtzionamenduaren protokoloak ezagutu eta zalantzan jarri prozesuaren fase desberdinetan: identifikazioa, atxiloketa eta komisaldegira eramatea".
Prozesu hau guztia, gainera, Ndiayeren senide eta lagunekiko "begirune eta elkartasun osoz" egin dutela jakinarazi dute, emandako pauso guztien berri emanez.
Giza eskubideen errespetua
Identifikazio eta atxilotze momentuan persona guztien giza eskubideak "begirunez" tratatu ditzatela, Nafarroak Nazio Batuen Erakundearen tratu txar eta torturen inguruko erabakiak betetzea eta Estanbuleko protokoloaren aplikazioa exijitu dituzte. Halaber, Nafarroak Madrilen dauzkan ordezkariei eskatu diete estatuko organo eta segurtasun indarrek gutxieneko baldintza horiek betetzeko.