Eztabaida Sozialerako Kontseiluak eskumena izanen du enplegu plana negoziatzeko

Euskalerria Irratia 2017ko urt. 27a, 08:48

> Gobernua, Nafarroako Enpresarien Elkartea, UGT eta Comisiones Obreras sindikatuak daude mahai horren bueltan. 
> ELA eta LAB sindikatuei "larria" iruditzen zaie planteamendua. UPNren Gobernuek zuten "eredu klientelistari" jarraipena eman diote eta "sindikalismoa deuseztea" dute helburu. 

Eztabaida Sozialerako Kontseilua bildu da aste honetan berriro. Gobernuko bi lehendakariordeak, Manu Aierdi Garapen Ekonomikokoa eta Eskubide Sozialetarako Miguel Laparra izan ziren. Nafarroako Enpresarien Elkartea, UGT eta Comisiones Obreras sindikatuek ere parte hartzen dute bilera horietan. Hemendik aurrera, Eztabaida Sozialerako Kontseilua deitzen dioten talde horrek, eskumena izanen du erabakiak hartzeko: "zilegitasuna izanen dela enplegu plana negoziatzeko".

2016-2019 Enplegu Plana ari dira uneotan adosten. Manu Aierdi presidenteordeak nabarmendu zuen aukera aproposa dela "eragileen" iritziak jaso eta "proposamenekin" enplegu plana osatzen saiatzeko. UGTk eta Comisiones Obreras sindikatuek, bilera amaituta esan zuten, kontent zeudela kontseilu horrek hartutako bidearekin, alegia, zilegitasuna ematen baitzaio enplegu plana negoziatzeko eta modu horretan langileen lan baldintzetan soa jartzeko aukera etorriko delako. 

Sindikatuak badaude mahai horren bueltan baina ez denak. Comisiones Obreras sindikatuak ez du aitzakiarik ikusten ELA eta LABengan bazterrean uzten segitzeko Eztabaida Sozialerako Kontseilua. "UPNren garaian, aitzakia, eskuineko talde baten gidaritza zen, eta orain, zergatik segitzen dute tematuta?", galdera horixe egin zuen Euskalerria Irratian Daniel Hernandez CCOOko komunikazio arduradunak. Uste du bi sindikatu horiek agerian uzten dituztela euren kontraesanak. 

"Lehengo lepotik burua"

ELA eta LAB sindikatuek Eztabaida Sozialerako Kontseilu horren mahai bueltari erreparatu diote. Argazkia, aurreko Gobernuaren antzeko ikusi dute. Miguel Sanzen eta Yolanda Barcinaren agintaritzan Eztabaida Sozialerako Mahaian biltzen ziren berdinak daude orain ere. Modu horretan, aldaketa sustatzerik ez dela diote. Mitxel Lakuntza ELAko koordinatzaileak dio "sindikalgintza deuseztea" dela Kontseilu horren ondorioetako bat. "Batzar klienetelistak mantentzeko Kontseilua da", azaldu du Lakuntzak. 

Garai berri batean halakorik ezin dela mantendu uste du LAB sindikatuak ere. Igor Arroyo LABeko Nafarroako idazkari nagusiak uste du bilera horietatik kanpo ere ez dela zentzuzkoa proposamenak egitea. Beraiek ez dauden mahai inguru batean euren proposamenak beste batzuek aztertzeak ez duelako zilegitasunik. 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!