Mikel Arregi: “Euskararen bilakaera gizartearen inplikazioaren ondorioa da”

Euskalerria Irratia 2017ko urt. 23a, 09:27

> “Orain, gobernuari dagokio hizkuntza politika bat garatzea herritarrari euskara erabiltzeko aukera emateko”.
> “Laster plazaratuko dugun foru dekretuaren mamia da nafarren hizkuntza eskubideak bermatzea”.
> “Gauza bat da gobernuaren politika kritikatzea, eta beste bat euskaldunak gutxiestea eta eskubiderik ez dutela pentsatzea”.

“Datuekin pozik gaude, baina ez gara konformatzen”. Hala mintzatu da Euskarabideko zuzendari Mikel Arregi, ostegunean aurkezturiko inkesta soziolinguistikoaren emaitzez. Ezagutza datuak nabarmendu ditu: lau nafarretik bat elebiduna da.

“Elebidun kopurua Nafarroan handitzen ari da, hiru puntu eta erdiko gorakada da, 25 urtean. Datu positiboa dela ezin da ukatu”, azaldu du Agirrek. Erabilera datuekin zuhurrago azaldu da baina. 2011tik hona %5,5etik %6,6ra pasa da. “Datua txikia da, igoera ere bai, eta inkestaren akats tartean sar daiteke”, azaldu du.  Edonola ere, “joera bezala ona da”.

Gobernuaren ordua

Euskarabideko buruare aburuz, “ezagutzan izan den bilakaera nagusiki gertatu da gizartearen inplikazioaren ondorioz”, eta orain “gobernuari dagokio hizkuntza politika bat garatzea, herritarrari euskara erabiltzeko aukera emateko”; izan ere, “urte hauetan hizkuntza politika izan dena izan da, eta ez dira erabilera sustatzeko neurriak hartu”. Haren iritziz, “pertsona bati ezin diozu eskatu eremu formalean euskara erabiltzeko, baldin eta ahalegina egiten duenean pareta baten aurka jotzen badu”.

Euskararen sustapenaren aurkako jarrerek gora egin dute azken bost urteotan. Euskararen Legearen araberako eremu ez-euskaldunean, esaterako, 12 puntu igo dira. Agirrek gogora ekarri du Nafarroan oro har, 1991n euskararen aurkakoak %51 zirela, eta egun %39 direla. Halaber, inkesta egin zen unea oroitarazi du: 2016ko apirila eta martxoa, “haur eskolen, D eredua eremu ez-euskaldunera eramatearen eta Lan Eskaintza Publikoaren polemikak pil-pilean zirela” hain zuzen ere. Bestalde, ezagutza eta erabilera ez bezala, iritziak aldakorragoak direla esan du.

Agirrek azpimarratu du, “zenbait taldek eta hedabidek” behin eta berriz besterik esan arren, gobernuak ez duela neurri bakar bat ere hartu erdaldunen aurka. “Ez dugu erdaldunen eskubide bakar bat ere murriztu. Kontua da orain beste hizkuntza bat alboan dutela”.

Dekretua, laster

Horren guztiaren harira, Euskararen Kontseiluak onarturiko adierazpena ekarri du gogora. Hartan kontseilukideek kezka azaltzen dute euskara eta hizkuntza politika gatazka soziopolitikoa elikatzeko erabiltzen ari dela. “Gauza bat da kritikak egitea eta ez egotea ados gobernuaren hizkuntza politikarekin, eta beste bvat hizkuntza eta hiztunak gutxiestea, eta pentsatzea euskaldunek ez dutela eskubiderik Nafarroan, edo euskaldunen eskubideak aitortzeagatik erdaldunenak urratzen dituzula”.

Azkenik, Euskararen Legeari buruzko foru dekretu berria bizpahiru aste barru aurkeztuko dutela iragarri du. aldaketaren aldeko lau indarren onespena lotua dute jada. “Aurreiritzi batzuk ezagututa, kritikatu eginen dute, baina dekretuaren mamian dagoena da errespetu osoa Nafarroaren errealitate soziolinguistikoari, eta berme egokia nafarren hizkubideak bermatzeko”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!