Zortzi negozio berri abiatuko dituzte 'Denda naiz' kanpainari esker

Euskalerria Irratia 2016ko abe. 19a, 08:23

"Ideia berritzaileak" garatuko dituzten negozio proiektuak sustatzeko jarri zuten martxan 'Denda naiz' Iruñeko Udalak, Nafarroako Gobernuak, CEINek eta Rural Kutxak.

Zortzi proiektuetako bakoitzean, alde batetik, prestakuntza jaso dute ekintzaileek, sei hilabete baino gehiagoan zehar, CEINeko teknikarien eskutik, baita saltoki laguntzaileek emandako aholkularitza ere; eta bestetik, 1.250 euroko diru-zuzkidura jaso dute, programa babesten duen Nafarroako Rural Kutxak emana. Programaren azken xedea izan da Iruñean ezaugarri bereizleak dituzten negozioak abian jartzea.

Zeintzuk dira aukeratutako proiektuak?

Jorge Luis Romero eta Santiago Alonsoren Los Secretos de Coco arropa-denda esklusiboa da, erdialdeko lokal batean kokatua; diseinu berritzailea dauka, eta ekintzaileek beraiek sortu dute, margotutako hainbat paperen bidez, desberdinak txokoen arabera, eta ahanzturatik berreskuratutako eta zaharberritutako altzari zaharrekin. Dagoeneko abian da.

Loreak Zuriñe eta Bidane Lafónen proiektuak kafea dastatzeko establezimendu bat proposatzen du, Gazteluko plazan, leku bat non hainbat produkturen sorta zabala topatuko dugun: kafea, tea, edari naturalak eta opilgintzako etxeko produktuak. Hau ere, dagoeneko abian da.

Adaptavida enpresaren xedea da dibertsitate funtzionala duten lagunei eta zaharrei laguntzea etxean autonomia eta segurtasun handiagoa izan ditzaten. Dagoeneko abian da, zenbait lan egin baititu administrazioarentzat eta partikularrentzat, nahiz eta enpresaren lokala –Mendebaldean dago– hemendik gutxira irekiko den. Alize eta Arantza Iturgaizen, Raúl Elustondoren eta José San Martínen proiektua da.

Daniel Martínez Sevillanok sustatutako Bikerooms proiektuak gela anitzeko gune bat proposatzen du, bizikleten piezak konpondu eta birziklatzeko, eta zikloturismoaren inguruan prestakuntza-ikastaroak eta aholkularitza emateko. Harremanetan jarri da haren laguntzaile izan daitezkeenekin, hala nola Traperos de Emáusekin, eta hainbat eragileri helarazi die bere ideia.

Txantreako Gaztategia-Quesería de la Txantrea Roberto eta Xabier Urrutiaren negozio-ideia da. Dagoeneko hasi dira gazta-denda irekitzeko lanak Txantrean, eta haien ardiekin egindako artisau-gaztaren lehenengo ekoizpena 2017ko maiatzean egonen da prest. Crowdfunding-kanpaina bat egin du Lanzanos.com plataforman.

Ogi Egi artisau-ogia saltzeko eta dastatzeko lantegia, Peio eta María Etxamendiren proiektua da, baina oraindik ere ez dute aukeratu jendaurreko jarduera aurrera eramateko behin betiko lokala.

Ecomueble modular proiektuak altzari osasuntsu eta ekologikoak egiten ditu, eta dagoeneko e-commerce plataforma garatu eta Internet salmenta-modu nagusitzat aukeratu du. Ramiro Armendáriz eta Fernando Murugarrenen ekimena da.

Zirimiri proiektuak artisau-jostailu hezigarriak ditu ardatz, eta haren jardunari hasiera emateko liburu-dendekin elkarlanean arituko da produktuak saldu eta lantegiak egite aldera, baita banatzaile gisa ere. Romy Diana Sordómez da haren sustatzailea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!