"Biktima guztien" atea jo du Nafarroako Gobernuaren Bake, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen arloak. Horixe nabarmendu du Ana Ollo Nafarroako Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak. Lehenengo aldiz, terrorismoaren biktimek ez ezik, indarkeria politikoaren biktimek ere tartea izan dute exekutiboaren plangintzan: bi biktima tipologiei erantzuteko, hain justu, martxan jarri dute Biktimen Arretarako Bulegoa. Horren balorazioa, halaber, "positiboa"da.
Alvaro Baraibar Bake eta Elkarbizitza zuzendariaren hitzetan, arretari uko egin dion "biktimaren bat" egon bada ere, orokorrean "ona" izan da zerbitzuari egindako harrera. Gogorarazi du biktima batzuek, bereziki indarkeria politikoa jasan dutenek, orain artean ez dutela aitorpenik jaso. "30 urtean instituzioek ez diete kasurik egin". Ahoan bilorik gabe mintzatu da Baraibar
Hala, biktimei dagokienez, hildakoen senideekin ari da oraintxe lanean Nafarroako Gobernua. Bigarren urratsa, zauritutakoekin biltzea izanen da. Hirugarrena, aldiz, terrorismoaren biktimen arloan, mehatxatutakoekin elkartzea; indarkeria politikoarenean, torturatuekin.
Hiru arlotan gogora
"Garrantzitsua da oso" biktimekin gauzatutako lana, Ollo eta Baraibarren irudiko, baina ez da bakarra, hiru arlori eman baitie garrantzia Bake eta Bizikidetza arloak: biktimei, baina baita memoria historikoari eta aniztasunaren eta bizikidetzaren errespetuari.
Eta memoria historikoaren karietara zer? bada, batetik, hobi komunen desobiratzea eta identifikazioan jardun dira, Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntzaz. 100.000 euroko aurrekontuarekin, sei desobiratze gauzatu dituzte, eta 41 gorpu atera dituzte lurpetik: horietako hamasei identifikatu dituzte. Bestalde, memoria historikoaren ildoan ere, memoriaren eskolak antolatu dituzte, hezkuntzan memoria historikoa sustatzeko.
Azkenik, elkarbizitzaren esparruan, bakearen eta elkarbizitzaren aldeko tokiko erakundeekin elkarlana izan da, diru laguntzak, bakearen eta elkarbizitzaren eskolak, sentsibilizazio kanpainak eta "erradikalismoaren kontrako ekintzak".
Konpromisoak argi
Ana Ollo kontseilariak azpimarratu du argiak direla Nafarroako Gobernuaren konpromisoak arlo horretan, eta aurrerantzean ere horiekin tinko jarraitzeko hautua azaldu.
Bost dira zerrendatutako konpromisoak: bat, "pertsonen duintasuna eta giza eskubideak errespetatzea eta sustatzea"; bi, "ideiak eta proiektuak indarkeria bidez defendatzeari uko egitea eta zilegitasunik ez ematea"; hiru, "biktima guztiek duten egia, justizia eta erreparazio eskubidea defendatzea·; lau, "bizikidetzaren eraikuntza memoria kritikoan bermatzea"; eta bost, "bakearen kultura eta errespetuaren, demokraziaren eta bizikidetzaren balioak sustatzea".