Pilota utzi eginen du Abel Barriolak. Lehenago hori bai, binakako txapelketan hartuko du parte. Jokin Altuna izanen du bikote. "19 urteren ondoren pilota uztea erabaki dut", hitz horiekin iragarri du agerraldian gaur Iruñean. "Altunarekin aritzea ohorea izanen da niretzat, belaunaldi berriko jokalari handia da", esan du. Aspek beste urte bat eskaini dio baina barriolak uztea erabaki du. Txapelketa amaituta apirilaren 16an omenaldia eginen zaio.
Abel Barriolari buruzko informazioa, wikipediatik hartua:
Abel Barriola Ezkurra, pilota arloan Barriola deituraz ezaguna, (Leitza, Nafarroa Garaia, 1978ko maiatzaren 18a) esku huskako pilotariprofesionala da. Atzelari aritzen da, eta Aspe enpresarekin du kontratua. Estatistika ofizialen arabera, 1,85 m luze da, eta 88 kg pisatzen du. Esku huskako pilotarien artean, hiru txapelketa nagusiak (buruz burukoa, binakakoa eta lau eta erdikoa) irabazi dituzten bakanetakoa da.
Profesionaletan, estreinako partida 1998ko otsailaren 22an jokatu zuen, Tolosako Beotibar pilotalekuan. Hurrengo urtean, bigarren mailako buruz buruzko txapeldunordea eta binakako txapelduna izan zen. Gorabehera handiko bi urteren ondoren, 2001ean bere lehen mailako lehen txapela jantzi zuen, lau eta erdiko txapelketa irabazita. Bere joko sasoi onarekin jarraituz, hurrengo urtean lortu zuen bere karrerako garaipenik garrantzitsuena, buruz buruko txapelketa nagusian. Urte hartan bertan, 2002an, Nafarroako lau eta erdiko txapela ere jantzi zuen. 2007an eta 2008an ere buruz buruzko txapelketaren finalera iritsi zen, baina batean Olaizola II.a eta bestean Bengoetxea VI.a nagusitu zitzaizkion.[1]
2011n, Esku Huskako Binakako Pilota Txapelketa Nagusiko finala jokatzeko eskubidea lortu zuen, baina eskubide hori ukatu zioten enpresek. Xalarekin batera Abel Barriolak jokatu beharko zukeen final hura, baina enpresek Barriolari ez zioten astebeteko atzerapena eman, lesio batetik sendatzeko. Aurretik eta ondoren izan diren finalista lesionatuei, ordea, onartu diete halako atzerapena, eta Barriola horrela baztertu izanak haserre handia sortu zuen pilotazaleen artean.
Kirol lorpenak
- Lau eta erdiko txapelduna (1): 2001ean.
- Buruz buruko txapelduna (1): 2002an.
- Binakako txapelduna (1): 2014an.
- Lau eta erdiko txapeldunordea: 2002, 2004, 2006, 2007 eta 2010ean.
- Buruz buruko txapeldunordea: 2007 eta 2008an
- Nafarroako lau eta erdiko txapelduna: 2002an.