Ada Faye: "Elhadji NDiajeren heriotza ez da kasu bakana"

Euskalerria Irratia 2016ko aza. 18a, 14:08

Senegaldarra da Ada Faye. Poliziaren persekuzioa erabatekoa dela salatu du gaur parlamentuan. Beltza izateagatik, etorkina izateagatik kalean egunero gelditzen dituztela.

Poliziaren indarkeriaz hitz egin dute gaur Legebiltzarrean. Salhaketa eta SOS Arrazakeriako ordezkariak izan dira. Baita, Ada Faye ere. Senegaldarra da, eta bere bizipenak kontatu ditu.

Elhadji NDiaye senegaldarraren heriotza. Urriaren 25ean Espainiako Poliziaren esku hil zen komisarian. Erakunde horrek berak eman zuen heriotzaren berri. Chinchilla karrikako beren egoitzan hil zela esan zuten poliziek; ziegara eramateko zain eserita zegoela arnasa ez zuela hartzen konturatu zirela. Biharamunean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak zabaldu zuen autopsian ez zutela indarkeria zantzurik aurkitu zioten ohar bidez.

Halere gizona Arrotxapean atxilotu zuten uneko hainbat bideo agertu dira sare sozialetan, eta, hainbat lekukoren hitzek lagunduta, zalantzan jarri dute bertsio ofiziala, datu askorik ez baitu jasotzen.

Senegaldarren bizipenak Iruñean

Elhadji NDiaye bezala, senegaldarra da Ada Faye. Poliziaren persekuzioa erabatekoa dela salatu du gaur parlamentuan. Beltza izateagatik, etorkina izateagatik kalean egunero gelditzen dituztela esan du.  Polizia eredua aldatu behar dela uste du. Poliziak ez du elkarbizitza errazten. Dena den, agente guztiak ez direla berdinak ere argi du: "Erespetuz tratatzen gaituztenak asko dira, beste asko baina, despretxuz tratatzen gaituzte". 

Elhadji NDiaye zergatik hil zen jakin behar da, esan du. Lekukoek eta irudiek diotena, adierazgarriak dira, argigarriak. Nahiz batzuek ez duten hori ikusi nahi. "Gu, ez gara gatazka-sortzaileak. Senegaldarren kultura eta elkarbizitzaren muina ez da hori", gizartean oro har, aurreiritzi askorekin segitzen dela uste du Ada Fayek. "Autobusera igotzeko zenbait aldiz pentsatu behar dut, begiradak etengabe jasotzen ditudalako, mespretxuz. Taberna batean trago bat hartzen nagoela, albokoek poltsoa nola gordetzen duten jasan behar izaten dut". 

Hausnarketa prozesuan, gogoetak egiterakoan galdera hauxe egin dio bere buruari eta legebiltzarkideei: "Benetako elkarbizitza sortzeko, aurreiritziak ezabatu behar dira lehenbizi". 

Neurriak har ditzatela eskatu dute

Ada Fallerekin izan dira SOS Arrazakeriako eta Salhaketako kideak. Heriotza bat, komisarian, zaintza polizialean gertatzea, berez da larria, nabarmendu dute.  Kezka, mina, ezjakintasuna … sentitu dute ordutik gertaerarekiko. Informazioa eskasa izan zen. Kontrajarritako informazioa hasi zen iristen gero. Poliziarena batetik, lekukoena bestetik.

Gertaera argitzea eta protokoloak ezartzea eskatu dute lehen momentutik. Alarma soziala ez piztea ere nahi zutela diote, baina, ezinbestean egoera zein den ikusita, berez piztu ziren alarma guztiak.

Ardurak eskatzen hasita, Carmen Albaren, Espainiak Nafarroan duen ordezkariaren ardura dela uste dute, batez ere gertatutakoaren inguruko informazioa helaraztearena. Parlamentura ez etorri izanak, ez du efektu neutroa izan, baizik, negatiboa. Iritzi publikoan ere eragina izan du.

Elhadji DNiadjeren kasua, ez da kasu bakan bat, salatu dute Salhaketa eta SOS Arrazakeriak. Ezin da errepikatu halako egoera eta gertaerarik. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!