Aroztegiaren kontrakoen epaiketa "kritikak isilarazteko azpijokoa" dela salatu dute

Euskalerria Irratia 2016ko aza. 9a, 08:15

Argazkia: Garbiñe Elizegi alkate ohiari babesa adierazteko elkarretaratzea. / @SaioaAlkaiza

> Lekarozen 228 etxebizitza eta golf zelaia eraiki nahi dituen Palacio de Aroztegia enpresak "prebarikazioa" leporatu die Baztango alkate ohiari eta jarduneko alkateari.
> "Adierazpen askatasunaren kontrako erasoa" da auzia, Garbiñe Elizegi alkate ohiaren hitzetan.

Aurrera doa auzia Lekarozen 228 etxebizitza eta gol zelaia eraikitzeko proiektua. Atzo pasa zen epaile aurretik Garbiñe Elizegi alkatea ohia, eta auzia "adierazpen askatasunaren kontrako erasoa" azpimarratu zuen, "herritarren ahotsa" defendatzea besterik ez baitu egin: "Ikusten dugu epaiketa honek muntaia politiko-judiziala batzuen barruan dagoela,  estrategia bezala daukatela espekulazioaren kontra egiten dugunok isilaraztea"

Auzia "pertsonalizatu" nahi izatea egotzi dio Palacio de Aroztegia enpresari, aitzitik, "auzi kolektiboa" da, Elizegiren irudiko. Espekulazioaren kontra, "amalurraren defentsan" segitzeko asmoa agertu du, gainera.

"Jauntxoen mesedetan"

"Libre baldin badira PSN, PPN, UPN, Geroa Bai jauntxoen mesedetan eta kapitalaren morrontzan aritzeko, gu ere libre gara herriatarren eskubideak, amalurra eta borondatea defendatzeko", adierazi du alkate ohiak.

Baztanen ika-mika sortu duen gaia izan da Aroztegiarena. Udalaz Gaindiko Plana erabilita eraiki nahi du Nafarroako Gobernuak urbanizazio bat Lekarozen. Herritarren antolatutako galdeketan, ordea ezezkoa gailendu zen, alde handiz, gainera: bozka eman zuten %80k esan zuten ez zutela Aroztegia eraikitzerik nahi.

"Baztango tokiko autonomiaren gainetik" pasatzea egotzi dio Baztango EH Bilduk Nafarroako Gobernuari. Oroitarazi du Udalaz Gaindiko Plana onartu zuela UPNk, hauteskundeetarako bi egun baino falta ez zirenean. Horrekin segitzea leporatu dio Geroa Bairi, baita "UPNren jokaldiari azken oniritzia" ematea ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!