ETBren itzalaldiari buruzko iritziak bildu ditugu Metropoli Forala saioan, Juan Kruz Lakasta kazetariaren gidaritzapean.
Ainhoa Irazusta: "Eskatu nahi dut jendearen babesa mikrofonoa kalera ateratzerakoan"
Erreniegatik bertatik eman zuen atzo errepikagailuen itzalaldiaren berri Ainhoa Irazusta ETBko kazetariak. Egoera gogorra egin zitzaiola kontatu digu.
"Oso gogorra izan zen Erreniegan egon nintzen momentu hori eta esan zutenean seinalea erabat moztuta zegoela. Animoak behera etorri zitzaizkigun".
"Eskatu nahi dut jendearen babesa mikrofonoa kalera ateratzerakoan eta eskertu nahi dut atzoko elkarretaratzea".
Manu Aierdi: "Hau da lana egiteko momentua. Ez da momentua data bat lortzeko, momentua da lana fin egiteko"
Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak elkarlanerako protokoloa aurki sinatuko dute, eta horretan Nafarroan ETBren seinalea hedatzeko konpromisoa aipatzen da. Foru gobernuko lehendakariorde Manu Aierdiri galdetu diogu ea konpromiso hori noiz bihurtuko den errealitate.
"Hau da lana egiteko momentua. Ez da momentua data bat lortzeko, momentua da lana fin egiteko, ikusita zein egoera arraroan sartuta gauden".
"Badaude oinarri juridikoak ETB lasai-lasai botatzeko, baina argi dago Madriletik beste zer edo zer sentitzen dutela".
"Hemen inportantea da epea eta ziurtasuna. Behar duguna da ikusi, eta ikusi lasaitasunarekin".
"Ekonomikoki [ETB jartzea] ez da arazo bat. Badago bide bat gauzak konpontzeko, nahi baldin bada konpondu".
"Ni ziur nago UPNko zale askok gustura ikusten zutela ETB, eta gustura ikusiko luketela berriz. [...] Hiritar askok eta askok ez dute ulertzen nola 2016an ezin duten aukeratu kate bat".
Fernandez: "Honek mobilizatu egin ditzake aldaketaren alde bozkatu zuten horiek"
ETBren itzalaldia UPNk, Barcinaren Gobernuak Espainiako Industria Ministerioaren aitzinean aurkezturiko salaketaren ondorio zuzena da. Esan gabe doa horren gibelean bulkada politiko bat dagoela. Horren analisia eskatu diogu Diario de Noticias egunkariko kazetari Ibai Fernandezi.
"UPN jabetu egin da noraino egin duen hanka sartzea. Justu gobernutik atera eta halako gauza batek aurpegi aurrean eztanda egitea... Orain, bide ari dira bilatzen justifikatzeko: "Gu ez gaude ETBren kontra, legearen kontra gaude". Bi argudio horiek ditu UPNk, eta biak oso erraz eztabaidatu ahal dira" .
"[ETB eteteak] UPNri zuzenean ez dio kalterik egiten. UPNk ez dut uste botoak galduko dituenik. Aldaketaren aldean, bozkatzaile batzuk ilusioa galduta zeuden, normaltasunean tentsioa politikoa galduta, eta honek mobilizatu egin ditzake aldaketaren alde bozkatu zuten horiek".
Xabier Letona: "Mozorrotzen da nahi bezala, baina, hori zentsura ez bada, ez dakit nola deitu"
Bistan da UPNk ETBren kontra jo duela, besteak beste, haren ildo editoriala ez duelako gogoko. Zertan uzten du horrek informazio eskubidea? Galdera hori zuzendu diogu Argia aldizkariko Xabier Letona kazetariari.
"Era askotako zentsurak daude. Frankismoan, zentzurik klasikoenaren bidez egiten zen, Espainian, orain, Mozal Legearekin [...] Atzerago jotzen badugu, gogoratu ahal dugu egunkaria nola itxi zuten indarrez".
"Ez zegoen bezala Gara eta Berria liburutegietan, orain ez dago ETBrik Nafarroako zati handi batean. Hori mozorrotzen da nahi bezala, baina, hori zentsura ez bada, ez dakit nola deitu".
"Informazio eskubidearekiko eraso larria da. Batzuen informazio eskubidea urratzen bada, azkenean guztiona urratzen da".
Garbiñe Petriati: "Nafarroan, euskaldunok itzalaldian hamarkadak daramatzagu"
Esan gabe doa honek beste alde garrantzitsua duela: hizkuntza eskubideei dagokiena, nafar euskaldunok euskarazko bi telebista kate nagusiak ikusteko aukerarik gabe utzi baikaituzte. Ikuspegi horretatik heldu dio gaiari Hizkuntza Eskubideen Behatokiko Garbiñe Petriatik.
"Tamalgarria da. Nafarroan, euskaldunok itzalaldian hamarkadak daramatzagu. Bizipen eta jokaera deseroso franko bizitzen ditu euskal hiztunak, horiek gainditzeko urrats berriak eskatzen ari ginenean, eta, hara non etorri zaigun berri hau".
"Badirudi UPNrentzako ere komunikabideen alorra estrategiako dela".
Esther Lakasta: "Alde handia dago Doraemon euskaraz ikustearen eta gaztelaniaz ikustearen artean"
Nafarroako euskaldun guztion ari dira urratzen UPN eta PP. Urakketa hori bereziki larria da ETB3 ikusteko aukera galdu duten haurren kasuan, sozializazio ikus entzunezko eredu euskaldunik gabe utzi baitituzte. Horretaz mintzatu gara haurren aisialdia eta eskolaz kanpoko jarduerak jorratzen dituen Dindaia Fundazioko buru Esther Lakastarekin.
"Haurrek identitatea eta erreferenteak eraikitzen dituztenean, nonbaitetik hartzen dituzte, eta horietako bat izan daiteke marrazki bizidunetan ikusten dituzten pertsonaietatik. Alde handia dago Doraemon euskaraz hitz egiten aditzea eta ikustearen eta gaztelaniaz ikustearen artean.
Euskal pilota eta ETB. ETB eta euskal pilota. Ezinbestean urteetan batera joan den binomioa izan da. Elkarren izen abizenak ia-ia. Horregatik, Abel Barriola pilotaria mintzatu da ETB kentzeak dakarrenari buruz.
Abel Barriola: "Kirolak sentimendu komunak ere gara ditzake, horiek oso garrantzitsuak dira, eta horretan asko lagundu du ETBk"
Argi dago ETBren itzalaldiak badituela milaka aurpegi. Horietako bat kirola da, eta kirolaren inguruan garatzen diren sentimendu komunak, identitate konpartituak. Horiez mintzatu zaigu Abel Barriola pilotaria.
"ETB oso garrantzitsua izandu da pilotaren zabalkunderako; garrantzizko pieza bat izandu da pilota ETBrentzat".
"Politikaz harago, kirolak sentimendu komunak ere gara ditzake, eta horiek ere oso garrantzitsuak dira, eta horretan asko lagundu dute bai ETBk baita euskal pilotak ere".
Saioa Alkaiza: "Oraingoz, ETB1 analogikoan ikus daiteke Iruñerrian"
ETBren itzalaldiaren gaineko azterketa amaitzeko, Euskalerria Irratiko kazetari Saioa Alkaizak azaldu digu nafarrok zein bide ditugu orain ETB ikusi ahal izateko.
"Lurreko Telebista Digitalaren bidez euskarazko kate publikoa sintonizatzeko aukerarik ez badago ere, Espainiak atzo emisioa eten ostean, bada oraindik zirrikitu bat ETB1 ikusi ahal izateko: analogikotik sintonizatzea. Beraz, Iruñerrian ETB1 ikus daiteke, oraindik".
"Gainontzekoan, Euskal Telebistaren emanaldirik gabe geratu dira Ezkabako, Ioarreko eta Erreniegako errepikagailuetatik seinalea jasotzen zuten zonaldeak. Alegia, erdialdea eta hegoaldea".
"Badira, ordea, Gipuzkoatik seinalea jasotzen duten nafar iparraldeko zein mendebaldeko herriak, hala nola, Lesaka eta Leitza. Inguru horietan, normaltasunez jarraituko dute Euskal Telebista sintonizatzen, Lurreko Telebista Digitalean".