Nafarroako Kutxaren ikerketa batzordearen erronka: falta den dokumentazio aurkitzea

Euskalerria Irratia 2016ko api. 7a, 12:38

Argazkia: Nafarroako Kutxaren eraikina.

Lauko gobernua osatzen duten lau alderdien eta PSNren botoek ahalbidetuko dute ikerketa batzordea sortzea; UPN eta PPN kontra azaldu dira.

Eguneko azken puntua izanen da gaur ikerketa batzordea. Baina ziurtatuta dago atera aterako dela, izan ere, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra alde azaldu dira, bai eta PSN ere.

UPN ez dago lasai erabakiarekin. Javier Esparzak adierazi du "ikertu behar zuen horrek" jada ikertu duela gaia, "alegia, Justiziak". Eta horregatik, ez du beharrezkotzat jo bestelako batzorderik sortzea.

Antzeko jardun du Ana Beltran 'popularra'. Batzordea jada egin zela ekarri du gogora, "emaitza txikiarekin edo handiarekin". Ez deritzo beharrezkoa, beraz, berri bat egiteari. Gobernuaren aurkako ekinaldia egiteko aprobetxatu du egoera: "Gobernuak haren kudeaketa txarra estaltzeko zabaldu nahi duen kezko hesia da".

Koldo Martinezek (Geroa Bai), ordea, esan du badaudela airean erantzun gabeko bi galdera: Bat, "zer gertatu ote zen CAN desagertzeko"; eta, bi, "zer gertatu ote zen nafar guztienak ziren mila milioi euroekin?".

Iazko legealdian egon zen ikerketa batzordea, baina  "informazio asko" ezagutu gabe geratu ziren taldeak, Martinezek salatu duenez: "Denbora oso gutxian aritu zen; hamabi informazio bloke eskatu genizkion, eta biren inguruko informazio baino ez genuen jaso".

Atzera begira jarri da EH Bilduko kide Arantza Izurdiaga ere; haren ustetan, "porrot egiteko" jaio zen aurreko legealdiko batzordea, "ez baitzegoen denborarik". Hala, aukera berri bat ikusi du orain.

"Gardentasuna". Hitz bakarrean laburbildu du Ahal Duguko kide Laura Perezek zer behar den, haren irudiko, auzia itxi ahal izateko. "CAN auzia erkidego honetan bizi izan dugun eskandalagarrienetarikoa da".

Maria Chivitek (PSN) adierazi du CAN auziarekin lotutako "kontu batzuk" aztertu direla jada, "baina ez beste batzuk". Ondorioz, begi onez ikusi du batzordea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!