Bederatzi hautagaitza aurkeztu dira 2016ko Vianako Printzea sarira

Euskalerria Irratia 2016ko api. 4a, 12:59

Irabazlearen izena apirilaren bigarren hamabostaldian jakinaraziko da, eta saria maiatzaren 28an banatuko da Erriberriko Errege Jauregian

Eskaerak jasotzeko epea amaitu ondoren, bederatzi hautagaitza erregistratu dira Kulturako Vianako Printzea sariaren XVIII. ediziorako. Nafarroako Gobernuak deitutako saria da, eta haren helburua, "kultur munduko pertsona edo erakunde aipagarrien ibilbidea nabarmendu eta aitortzea da, honako hauek barnean hartuz: alde batetik, arte plastiko, musika, literatura eta beste alor batzuetako sormen-jarduera, eta bestetik, zientzia, teknika eta ikerketaren alorrean egindako lana", sariaren oinarrietan jasotzen den moduan.

Nafarroako Kultura Kontseiluko kideek 2016ko edizioan inskribatutako hautagaitzak honako hauek dira: Alfredo Sanzol dramaturgoa; Helena Taberna zinemagilea; Isabel Villanueva biolin-jotzailea; Maria Amor Beguiristain arkeologo eta etnografoa; Jose Lainez eta Concha Martinez koreografoak eta IPES Elkartea kultur elkartea. Gainera, Plaza de la Cruz institutuko Hizkuntza eta Literaturaren departamentuak Ignacio Aranguren irakaslea proposatu du; Peña Pregon kultur elkarteak, Miguel Echauri pintorea eta UNESCOren Lagunen Elkarteak,Pello Salaburu filologoa.

Hautagaitzak aurkezteko epea urtarrilaren 30ean zabaldu zen eta martxoaren 31n, atzo, amaitu. Behin betiko zerrenda datozen egunotan baieztatuko da, hautagaitzak edozein erregistro publikotan edo postetxetan aurkeztu baitzitekeen; beraz, proposamen gehiago izatea ezin da baztertu.

Vianako Printzea sariaren oinarriek adierazten duten moduan, hautagaitzak Nafarroako Kultura Kontseiluko kideek, edozein herrialdetako erakunde publikoek (gobernuak, ministerioak, udalak, unibertsitateak, akademiak, ikerketa-zentroak, enbaxadak, kontsulatuak…) aurkeztu zitzaketen, eta baita antolakuntzak gonbidatutako pertsona ospetsuek ere.

Aurkeztutako hautagaitzak Nafarroako Kultura Kontseiluko kideek osatutako epaimahaiak aztertuko ditu, eta merezimenduez gain, Nafarroarekin duen lotura baloratuko du. Epaimahaiaren erabakia apirileko bigarren hamabostaldian jakinaraziko da, eta saria Nafarroako Gobernuak emango du epaimahaiak egindako proposamenean oinarrituz. Saria maiatzaren 28an banatuko da Erriberriko Errege Jauregian. Eman ondoren, Kulturaren Zuzendaritza Nagusiak sarituarekin bere obra zabaltzeko proiektu batean lan egingo du.

Vianako Printzea saria 1990ean sortu zen Vianako Printzea erakundearen sorreraren 50. urteurrena ospatzeko, Nafarroako Foru Aldundiak 1940ean eratutako erakundea, kultura sustatzeko helburuarekin, ondarearen kontserbazioa bereziki, "arte ederrak" lantzeko xedearekin eta Nafarroako herriaren ondarea zaintzeko. Saria kultur esparruan nabarmendutako pertsonak edo entitateak aitortzeko eratu zen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!